Castellano | Euskara | Français | English


Nafarroako Museoa.
Nafarroako Museoa, 1956az geroztik zabalik, Sofia Erreginak berrinauguratu zuen 1990. urtean, eraikina goitik behera berritu zuten zaharberritze lanen ondoren. Museoaren bilduma iraunkorra Nafarroako historiaurreko, protohistoriako eta erromanizazio garaiko funts arkeologikoek osatzen dute.
Gainera, Erdi Aroko, Berpizkundeko eta Barrokoko artelanak, zibil nahiz erlijiosoak, eta XIX. eta XX. mendeetako nafar artisten obrak ikus daitezke. Aipatzekoak dira, besteak beste, Leireko Kutxa, marfilez eginiko pieza hispano-musulman ospetsua; Iruñeko katedral zaharraren klaustroko kapitel erromanikoak; edo Goyak 1804an margoturiko San Adriango Markesaren erretratua.
Nafarroako ondare higigarriaren erakusketarekin batera, Nafarroako Museoak jarduera programazio bizi eta interesgarria eskaintzen du: aldi baterako erakusketak, bilduma iraunkorraren eta aldi baterako erakusketen ikustaldi gidatuak, kultur jarduerak (zinema zikloak, musika klasikoko kontzertuak, hitzaldiak) eta jarduera didaktikoak ikastetxeentzat eta herritar guztientzat (tailerrak eta ikustaldi dramatizatuak). Horrez gainera, museoan bertan lanbide praktikak egiteko bekak eskaintzen ditu.
Titularra: Nafarroako Gobernua.
Edukia: Artelanak eta Nafarroako historiako arkeologia piezak.
Zerbitzu osagarriak: Ekitaldi Aretoa, Liburutegi espezializatua, kabinete pedagogikoa eta saltokia.
Ordutegia: Lanegunak: 9:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; jaiegunak: 11:00etatik 14:00etara. Astelehenetan itxita.
Tarifak: Arrunta: 2 euro; murriztua: 1 euro. 65 urtetik gorakoek, haurrek eta ikastaldeek doan, larunbat arratsalde eta igandetan. Taldeek aldez aurretik deitu behar dute.
Harremanetarako: tel. 848 426492 edo 848 426498; helbide elektronikoa: museo@cfnavarra.es