Castellano | Euskara | Français | English

Nafarroak kokaleku bikaina du Atlantikoko Ardatzean.
Nafarroako Foru Komunitatea Espainiako Iparraldean dago, Pirinioen mendebaldeko puntan, eta mendilerro horretan 163 kilometroko muga du Frantziarekin. Komunitateak 10.421 km2 dauzka luze-zabal, eta erkidego hauek inguraturik dago: Ekialdean Aragoi –Huesca eta Zaragoza–, Hegoaldean Aragoi eta Errioxa, eta Ipar-mendebaldean Euskal Autonomia Erkidegoa –Araba eta Gipuzkoa–.
Nafarroan askotarikoak dira ingurune geomorfologikoak eta bioklimatikoak, eta antzera gertatzen da bertako biztanleen artean ere. Horregatik, hain zuzen, Iparraldetik Hegoalderantz hiru eskualde bereizi izan dira aspalditik: Mendialdea, Erdialdea eta Erribera. Haietako bakoitzak beste eremu batzuk biltzen ditu bere baitan, hiru eskualdeak ez direlako nahikoa lurraldeko ezaugarri guztien berri emateko.
Hortaz, bada, Mendialdean Nafarroako alde hezea, Pirinioetako Ibarrak eta Pirinioen aurreko Arroak ditugu; erdialdean Lizarra aldea eta Nafarroako eki-erdialdea, eta Hegoaldean, Ebroren inguruetan, Lizarra aldeko Erribera eta Tutera aldekoa.

Nafarroak milioi erdi biztanle ditu.
Eskualde-buruen hazkundeak, bereziki Iruñean eta bere metropoli inguruan izandakoak, biztanleria gutxitzea ekarri du herri txikiak nagusi diren landa aldeetan.
Izan ere, Pirinioetako Ibarrek, Lizarra aldeak, eta Nafarroako eki-erdialdeak biztanleak galdu dituzte XX. mendearen hasieratik, eta neurri apalagoan bada ere, gauza bera gertatu da Nafarroa hezean. Haatik, bakarrik hazi dira Erriberako bi aldeak eta Iruñerria, Nafarroako biztanle gehienak bizi diren eskualdeak, hain zuzen.
Udalerriak azterturik, nafarren %42,3 20.000 biztanletik gorako udalerrietan bizi dira, Iruñean, Tuteran eta Barañainen, alegia; bestalde, 2.000 eta 20.000 bitarteko udalerriek biztanleen %39,2 biltzen dituzte, eta gainontzeko %18,5a 2.000tik beherako udalerrietan bizi dira.
Espainia bezala, Nafarroa ere etorkinen helmuga bihurtu da. Haietako gehienak Iruñerrian kokatu dira, eta gainontzekoak Nafarroako beste lekuetan, batik bat komunitateko beheko herenean.