Castellano | Euskara | Français | English

Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
Nafarroak hezkuntza sistema orokor bat dauka, prestakuntza eskaerei eta beharrei egokitua. Izan ere, haur hezkuntzatik hasi eta unibertsitateko gradu ondoko ikasketetara arte, sistemak tarteko urratsak ere hartzen ditu bere gain: ohiko ikaskuntzak, hezkuntza berezia, hizkuntz eskolak, arte eta musika ikasketak eta gizarte-garantiako programak.
Alor honetan Nafarroako emaitzak Espainiako batez bestekotik gora daude, eta bidea gero eta zuzenago eta argiago doa Europako Erkidegoko herrialde aurreratuenen pareraino.
Unibertsitatez kanpoko ikasketak Nafarroako Gobernuaren eskumen esklusiboa dira, eta maila horietan ikasten dute hamazortzi urtetik beherakoek, ikastetxe publiko edo pribatuetan, norberaren gurasoek aukeratzen dutenaren arabera. Irakaskuntza pribatuak dirulaguntza jasotzen du Foru Administraziotik, harekin ezarritako itunei esker. Hezkuntza sistema Nafarroako hizkuntzaz ere arduratu da, euskara eta euskaraz ikasteko aukera emanez.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak goi ikasketen eskaintza osatu du, ordura arte maila horretan bakarrik nabarmentzen baitzen Opus Deik sortutako Nafarroako Unibertsitateak, komunitatetik eta estatutik kanpo ere ospea lortu duena, eta aipatzekoak dira, hain zuzen ere, Medikuntza Fakultatea eta Nafarroako Unibertsitate Klinika.
Urte gutxitan Nafarroako Unibertsitate Publikoak, administrazio publikoek sortuak, ikasle eta irakasle asko erakarri ditu, eta beretzat sailkako egitura berritzailea aukeratu du. Gai honetaz ari garela, ezin bazter utzi Urrutiko Hezkuntzarako Espainiako Unibertsitateak Iruñean eta Tuteran dauzkan zentroak, gaur egun sendo finkatuak. Guztira, Nafarroako hiru unibertsitateetan 28.000 matrikula baino gehiago dauzkate erregistraturik.
Nafarroako unibertsitateetan ez ezik, erakunde publiko zein pribatuen zentroetan ere ikertzen da. Hona hemen haietako batzuk: Nafarroako Laser Zentroa, Elektronikoa eta Automatikarakoa eta Entsegu eta Metrologia Zentroa, guztiak Cetenasa Sozietate Publikoak kudeatuak; Nafarroako Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Institutua; Nekazaritza eta Abeltzaintza Kudeaketarako Erakunde Teknikoak, Mahastizaintza eta Enologia Estazioa, Nekazaritza Laborategia, Nafarroako Industri Elkartea eta Ebroko Laborategia.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak bultzatzen dituen teknologi egitasmoei esker abian dira edo proiektuan daude, besteak beste, ondoko ekimen hauek: Nafarroako Automozio Zentroa, Espainiako Energia Berriztagarrien Zentroa, Berrikuntzen Hiria, Nekazaritza, Biologia eta Baliabide Naturalen Erakundea eta Medikuntzako Ikerketa Aplikatuetarako Erakundea.