Castellano | Euskara | Français | English
Azken berrogeita hamar urteetan gizartea eta ekonomia ikaragarri aldatu dira Nafarroan. Industriaren hazkuntza hirurogeiko hamarkadan hasi zen, hein batean Foru Administrazioak 1964az geroztik abiarazi zuen Industri Sustapenerako programari esker. Ordura arte, ekonomiaren oinarria nekazaritza zen, eta biztanleri aktiboaren erdiak sektore horretan jarduten zuen. Harrezkero, ordea, ekonomia orekatu eta bizi bat zabaldu zen, lurralde modernoetan ohi zen bezala.
Oraingo oinarriak orduko egoera hartan finkaturik, Nafarroako ekonomiaren oinarriak honako ezaugarri hauek ditu bere alde: ekoizpen egitura orekatua, kokapen geografiko aparta, azpiegitura onak, kanpoalderako irekitasuna eta zerga autonomia. Aldaketaren bultzatzailea industria izan da.

Nafarroan ekonomiaren pizkundea hirurogeiko hamarkadan hasi zen.
Aurrekoaren erakusgarri, Nafarroako 2007ko Balio Erantsi Gordina (BEG) azterturik, industriaren portzentajea %28,5ekoa da, eta Espainiakoa, ordea, %18koa.
Areago, industriak duen garrantzia ez da ahuldu, nahiz eta ekonomia aurreratuenetan gertatu bezala, Nafarroan ere hirugarren sektorerako joeraren ondorioz zerbitzuek garapen maila handia izan duten azken bi hamarkadetan.
Izan ere, denbora tarte horretan gure komunitatean ia 40.400 lanpostu garbi sortu dira -urteko igoera %2,2ko izan da, batez beste-, eta langabezi tasa erdira murriztu da, 1990eko %11,7tik 2008ko %5,7ra, hain zuzen, eta azkenean Europako batez bestekoaren azpitik geratu da.

Estatu mailan, Nafarroa langabezi tasa txikiena duten komunitateetako bat da.
Urte hauetako ekonomi hazkundearen eraginez Nafarroako Foru Komunitateko BPGren tasa (134,7) -biztanle bakoitzeko neurturik eta erosteko ahalmen mailak konparaturik- Europako Batasun osokoa (103, EB-25) baino ia 30 puntu gorago igo da. Espainia mailan, nahiz eta Batasunarekiko bat egite prozesuak aurrera egin duen, BPGren tasa hori 28 puntu beherago dago.
Horiek horrela, Nafarroan gizarte-ongizatearen adierazleak onenetakoak dira Espainiako erkidegoen artean, bai osasun laguntzaren arloan baita beste ezaugarrietan ere: etxeetako ekipamendua, kultur sustapena eta aisia.