Hezkuntza Departamentuak legegintzaldi honetarako (2007-2011) dituen ardatz nagusiak honako hauek dira:
- Hizkuntzen ikaskuntza sustatuko da, bai Lehenengo eta bai Bigarren Hezkuntzan, British Ereduko ingeleseko eskola elebidunak hedatuz eta frantseseko eta alemaneko atal elebidunak sortuz, hizkuntzak eskola curriculumean osotasunez tratatzen dituen eskema batean, ikasten diren hizkuntza guztietan komunikazio gaitasuna garatzeko eta Nafarroako gazteak hobeto prestatzeko, ezagutzari, kulturari eta lanari dagokienez.
- Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) curriculumaren arlo guztietan txertatzearen aldeko bultzada berri bat emango da, eta irakasleen eta ikasleen eskura hura lortzeko beharrezko zuzkidura informatiko eta ikaskuntza elementu guztiak jarriko dira, eta hein berean, Hezkuntzako Teknologia Berrien Programaren prestakuntza eta kudeaketa plataforma garatuko dira.
- Lanbide Heziketa lehen mailako faktore estrategikoa da, Nafarroako gizartea eta ekonomia garatzeko, horrenbestez, L.H.ko Eskola Politekniko Integratuen garapenaren alde eginen da. Dagoeneko, Nafarroan horietako 3 ezarri dira proiektu pilotu gisa, ondoren, Komunitate guztian zehar hedatzeko, ekoizpen inguruaren araberako prestakuntza zikloen eskaintza zabalduz, enpresen eta gizarte agenteen laguntzarekin.
- Era berean, 0-3 urteko zikloan, funts publikoekin finantzatutako plazen kopurua zabaldu nahi da, hartara, adin hauetako eskolaratze eskaeraren %100 barne hartu ahal izango da eta Nafarroako familiek euren lan eta bizitza familiarra uztartzeko beharrezko baliabide bat eskura izango dute. Ziklo osoa ezartzea ezinezkoa den herrietan, 2 urteko gelak ohiko eskoletan sortzearen alde egingo da.
- Ikasleak eta eskolak funtsezko elementuak eta benetako protagonistak dira hezkuntza sistema hobetzeko, beraz, irakasleen lana duin bilakatu nahi da, prestakuntza egokia eta sendoa emanez, bai hasieran eta bai Irakasleei Laguntzeko Zentro sendoetan. Horien bidez, etengabeko prestakuntza eta ikerketa eskainiko dira eskoletan bertan, eta eskoletako kudeaketa autonomia eta berrikuntzarako gaitasuna sustatuko dira.
- Unibertsitateko arloari dagokionez, Tuterako campusa garatzen jarraitu nahi da, Erriberako ekonomia, lan, gizarte eta kultura errealitatearekin bat egiten duten ikasketa planekin. Horretaz gain, Nafarroako unibertsitateko ekintza eta jarduerak koordinatu nahi dira Nafarroan Goi Hezkuntzako Europako Gunearen helburuak lortzeko eta gainontzeko hezkuntza mailekin lotzeko, baita enpresa eta lan munduarekin ere, ikerketa, berrikuntza eta aplikazio praktikoa sustatuz.
Miguel Sanz Presidentearen inbestidura mintzaldia Hezkuntza arloan