Castellano | Euskara | Français | English

Lehendakariaren Langela.
Nafarroako Jauregia: bisita birtuala
Nafarroako Lehendakariaren langela Nafarroako Jauregian dago, duela 150 urtetik hona Nafarroako Diputazioaren egoitza izan den eraikinean. Balio artistikoa duen solairuan, Solairu Noblean, Lehendakariaren eta kontseilarietako batzuen langelak daude, eta leku berean daude, halaber, Tronuaren Aretoa, Gobernuaren Bilera-aretoa eta beste areto batzuk, bilera eta zeremonietarako erabiliak.
Lehendakariaren langela leku nagusietako bat da Jauregian.
Izan ere, gela horrek garrantzi instituzionala du Lehendakariaren lantokia eta harrera lekua izateagatik, baina horretaz gain, nabarmena da Jauregian dekorazioagatik.
Bertako tapiz batean gertaera historiko bat irudikatzen da: Zaldi zuri baten gainetik, Antso Azkarra nafar erregeak errege mairuaren hesia hausten du bere mazoaz, Navas de Tolosako guduan (1212). Tapiza Vicente Pascualek egin zuen, 1950ean, Ramón Stolz pintorearen marrazki baten arabera.
Aretoko arte lan baliotsuena, Fernando VII.aren erretratu bat, Francisco de Goyak pintatu zuen, 1814an, Nafarroako Erresumako Diputazioaren eskariz.
Langelako beste bi erretratuetan, Fernando VII.aren lau emazteetako bi ageri dira: Maria Isabel de Braganza, Federico de Madrazok pintatutako koadro batean, eta María Cristina de Borbón, Vicente Lópezen lan batean.
Badaude gela horretan beste gauza interesgarri batzuk: Sévresko bi ontzi, onizezko oina dutenak; erloju ingeles bat, kutxa lakatua daukana eta 1800ean inguru egina, eta bolizko Kristo bat, kaobazko gurutze bati josia.