(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile berria erabili!

Instituzioari buruz

Sarrera

Sede del Gobierno

Gobernuaren egoitza.

Nafarroa, VIII. mendetik Erresuma gisa eratua, XVI.ean sartu zen Espainiaren sortze prozesuan. Erresuma izaerari eta bere instituzioei eutsi zien XIX. mendera arte, eta ordutik aurrera ere autogobernu maila handia izanen zuen, batik bat ekonomia eta administrazio alorretan.

Jatorrizko eskubide historikoetan oinarriturik eta Estatuarekiko itunen bitartez Nafarroak bere foru erregimena gorde du, eskumenak eta ekonomi harremanak garai bakoitzeko ezaugarrietara egokituz.

Espainiako Konstituzioak demokraziaren oinarritzat hartzen ditu aniztasun politikoa eta autonomia, eta aintzat hartu zuen Nafarroaren foru erregimenaren berezitasuna. Horregatik, Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian babestu eta errespetatu egiten dira Nafarroaren eskubide historikoak.

Foru Hobekuntza

Ildo horretatik, 1980tik 1982ra bitartean Nafarroak eta Espainiak foru erregimena berritzea eta gaurkotzea hitzartu zuten. Itun horren ondorioa da abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

Lege horretan Nafarroako instituzioen egitura zehaztu zen, Komunitateko hiru Instituzioetan -Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Gobernua eta Gobernuko Presidentea- egituraturik. Era berean, apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, Presidentea hautatzeko prozedura eta haren eskuduntzak jasotzen ditu.

igo

Presidenteaa hautatzeko era

Sesión en el Parlamento

Parlamentuaren batzarraldia.

Nafarroako Gobernuko Presidentearen eskuduntzak zehazturik daude abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean, testu horrek arautzen baitu Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioa, eta abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean non Nafarroako Gobernua eta Presidentea arautzen baitira. Bi lege hauek ordezkatzen dute aurreko 23/2983 Foru Legea, Administrazioa eta Gobernua modu bateratuan arautzen zituena.

III. tituluan Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren antolaketa jorratzen da: antolaketako irizpide nagusiak adierazten dira eta haren egitura organikoa diseinatzen da.

Herritarrei zerbitzua emateko, administrazioaren egitura Gobernuak ezarritako helburuak lortzera bideratu behar da eta, administrazio-egituren tamaina diseinatzean, kudeaketa-prozesuko lanak ez bikoiztea eta arrazionaltasuna izan behar dira irizpide nagusiak.

Testuinguru horretan, foru lege honek departamentuetan oinarrituriko egitura batean arautzen du antolaketa administratiboa, indargabetu behar duen foru legeak egin zuen bezala. Baina, hartan ez bezala, oraingoan ez dira departamentuen kopurua eta izenak jaso. Izan ere, Nafarroako Gobernuko lehendakariari esleitzen dio haiek sortu, aldatu, elkartu edo kentzeko ahalmena. Hori dena foru dekretu bidez egin beharko du.

14/2004 Foru Legeak, berriz, ez du Departamentu zehatzik aurreikusten, eta malgutasun handia ematen dio Administrazioaren oinarrizko egiturari, beraz, Presidenteak badu ahalmen handia aipatu egitura eratu eta egokitzeko unean uneko egoera sozialetara eta dagokion legealdian hark programatutako Gobernuaren ekimenera.

Horretaz gain, desagertu zen Presidentea automatikoki aukeratzeko bidea Parlamentuko botazioetan gehiengo erlatiborik lortzen ez zen kasuetarako, horrelakoetan ordura arte Presidente aukeratzen baitzen aulki gehien zeuzkan hautagaia. Bi arrazoi zeuden aldaketa horretarako: batetik, Presidente hautatua izateko beharrezkoa izanen zen Foru Parlamentaria izatea, eta bestetik, Presidenteak ahalmena izanen zuen -ordura arte ez bezala- Parlamentua desegiteko eta hauteskundeetarako deia egiteko, inbestidura prozedurak huts egiten duen kasuetarako ezarritakoa gorabehera.

Hautaketa prozesua

1/2001 Lege Organikoak azaltzen du zein urrats egin behar diren Nafarroako Parlamentuan Gobernuko Lehendakaria hautatzeko:

-Parlamentuko Lehendakariak, Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi edo talde politikoen bozeramaileei galde eginda, ganbarako kide bat proposatuko du Nafarroako Gobernuko lehendakari-gaitzat.
-Proposatutako hautagaiak bere programa azalduko dio Parlamentuari. Aukeratua izateko, gehiengo absolutua lortu behar du lehenbiziko botazioan. Hala gertatzen ez bada, beste botazio bat eginen da lehenengotik hogeita lau ordura, eta bigarren botazioan hautagaiak gehiengo erlatiboa lortzen badu, ganbararen konfiantza jaso duela joko da.
-Gehiengoa lortzen ez badu bigarren botazioan ere, hautagaiak ukoa jaso duela joko da, eta ondorengo hautagaien proposamenak tramitatuko dira, gorago azaldu den prozedurari jarraituz.
-Lehendakari-gaiak Parlamentuaren konfiantza jasotzen badu, Ganbarako Lehendakariak izendatua izan dadin proposatuko du. Erregeak Nafarroako Gobernuko Lehendakariaren izendapena sinatuko du.
-Lehenengo botaziotik hogeita hamar egun naturalera hautagaietako inor ez bada aukeratua izan, Parlamentua deseginda geratuko da, eta berriro eginen da hauteskundeetarako deia.
Esan bezala, 1/2001 Lege Organikoak beste aldaketa garrantzitsu bat egin zuen, Nafarroako Parlamentu desegiteko ahalmena ematen baitio Nafarroako Gobernuko Lehendakariari. Izan ere, Lehendakariak, erantzukizuna bere gain harturik eta aukera hori Nafarroako Gobernuarekin eztabaidaturik, Parlamentua desegin ahalko du, eta hauteskundeetarako deia eginen du legealdiaren epe naturala agortu aurretik.

Lehendakariak, haatik, ezin du Parlamentua desegin lehenengo batzar aldiak iraun bitartean, ezta urtebete baino gutxiago falta bada ere legealdia bukatzeko edo zentsura mozio bat badago tramitean. Orobat, ezin izanen du eskumen hori erabili estatu mailako hauteskunde prozesu baterako deia egin bada, edo urtebeteko epea agortu ez bada Parlamentua modu berean desegin zenetik.

Parlamentua desegiten bada, ondorengo hauteskundeen ondorioz eratzen den Ganbarak agintaldi mugatua izanen du, legealdiaren amaiera naturalera arte, hain zuzen ere.

igo

Eskuduntzak eta eginkizunak

Bandera de Navarra

Nafarroaren bandera eta armarria

Nafarroako Gobernuko Presidentearen eskuduntzak zehazturik daude apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legean, testu horrek arautzen baititu Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa.

Legearen II. Titulua osorik erabiltzen da Gobernuko Presidentearen kargua zehazteko. Titulu horretan hala ezarrita, Lehendakariak izendatzen ditu kontseilariak -7 eta 11 bitartean-, baita kargutik kendu ere, eta bi Presidenteorde izenda ditzake haien artetik. Kargu horiek guztiek osatzen dute Nafarroako Gobernua.

Presidenteak Gobernuaren jarduna gidatuko du, haren jarraibide nagusiak zehaztuz eta Departamentuen arteko koordinazioa ziurtatuz. Horretaz gain, Gobernuaren ordezkari da, eta haien bileretako buru. Presidenteak eskumena du Gobernuaren bileretarako deia egiteko eta gai zerrenda prestatzeko, baita bilera horiek eten eta bukatutzat jotzeko ere. Orobat, berak promulgatzen ditu Gobernuak erabakitako Foru Dekretuak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzen du. Era berean, Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuak bat ez datozenean eskuduntza banaketaren inguruan, Presidenteak hartzen du dagokion erabakia.

Lehendakariaren eskumena da, halaber, bere programaren konfiantza-galdea Parlamentuan aurkeztea; gainera, Foru Legeak promulgatzen ditu Erregearen izenean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitararazten ditu eta Estatuko Gobernuari igortzen dizkio, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara daitezen.

Nafarroako Gobernuko Lehendakaria Foru Komunitatearen ordezkari da Estatuarekiko, Autonomia Erkidegoekiko eta beste edozein erakunde publiko edo pribaturekiko harremanetan, eta betetzen ditu legeek ematen dizkioten beste ahalmen eta eskumen guztiak. Estatu pertsonalari dagokionez, Lehendakaria Foru Komunitatearen ordezkari gorena da, eta Nafarroan Estatuaren ordezkari arrunta. Bestalde, Lehendakariak erantzukizun kriminalik izatekotan, Auzitegi Gorenaren aurrean exijituko dira, kasuaren arabera dagokion departamentuan.

Lehendakariak kargua utzi beharko du ondoko kasu hauetako edozeinetan:

-Parlamenturako hauteskundeak egiten direnean. Horrelakoetan, kargua utziko duen Lehendakariak jardunean jarraituko du hurrengo Lehendakaria karguaz jabetu arte.
-Konfiantza-galdea onartzen ez bazaio.
-Zentsura mozioa onartzen bada.
-Dimisioa.
-Kargurako desgaiturik geratzen bada ebazpen irmo baten ondorioz.
-Karguan aritzea galaratzen dion ezintasun fisiko edo psikikoren bat.
-Heriotza.

Edonola ere, ezin da zentsura moziorik aurkeztu jardunean dagoen Lehendakariaren aurka, ezta berak konfiantza-galderik planteatu ere.

igo

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa