(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile berria erabili!

Tronu Aretoa

Nafarroako Jauregiko areto nagusia

Arriba, detalle del Salón del Trono. Abajo, detalle del artesonado.

Tronu Aretoa

Tronu Aretoa da Nafarroako Jauregiko areto nagusia. Bertan daude irudikatuta Nafarroako Erresumako historian izan diren gertaera eta pertsonaia nagusiak. Errege Aretoa eta Ekitaldi Publikoen Aretoa ere esan izan zaio. Garai hartako areto frantsesen estiloaren arabera apaindu zuten (1861-1865 bitartean). Oso dekorazio oparoa du, eta hormez gainera, sabaia eta zorua ere apainduta daude.

Tronu Aretoko sabaian Nafarroaren alegoria bat da dekorazio motibo nagusia: emakume bat, eserita dago, buruan koroa du, eskuineko eskuan palmak eta erramuak ditu, eta jakinduriaren tenpluari begira dago. Oinetan, hainbat bandera ditu, iragan loriatsua irudikatzen dutenak, eta fruitu, labore eta mahatsondoz osatutako multzo batek lurra lantzeak eskaintzen duen ugaritasuna irudikatzen du. Hondoko paisaia naturalean aurrerabidearen bi osagai enblematiko nabarmentzen dira: lantegi bat eta trena, Noaingo akueduktua zeharkatzen. Nafarroaren alegoria hori lau bertute kardinalez inguratuta dago: Zuhurtzia, Justizia, Sendotasuna eta Neurritasuna, era alegorikoan irudikatuak horiek ere. Bost margolan horiek Miguel Angel Azparren nafar artistak eginak dira, 1862. urtean, hain zuzen ere.

Tronu Aretoko lau hormen goialdean Nafarroako Errege-erreginen galeria dago. Gorputz osoko 32 erretratuz osatua da, hain zuzen ere, VIII. eta XV. mendeen artean Nafarroan errege-erregina izan zirenena; zegokien garaiko jantziez daude apainduta (ikus Galeriako Errege-erreginen zerrenda).

Lan historizista bada ere, horixe da Nafarroako Errege-erreginen galeria handiena, eta azken sei errege-erreginak baino ez dira falta: Blanka Nafarroako, Joan I.a, Leonor, Frantzisko Febo, Katalina Foixkoa eta Joan Albretekoa. Pinturak 1864. urtean egin zituzten Joaquin Espalter, Francisco Aznar, Constancio Corona, Alfredo Ferran eta Francisco Mendoza artistek.

Tronu Aretora sartzeko, gelaurre batetik igaro beharra dago. Ataritik gora igotzen diren eskailera bikiek bat egiten duten gunean dago gelaurrea, eta artelan aipagarri ugari ikus daitezke bertan, adibidez Vianako I. Printzearen erretratua, XVII. mendeko tapiz flandestar bat, mahai gaineko apaingarriak (erlojua eta argimutil urre koloreak, rococo estilokoak) eta chipendale estiloko aulki batzuk.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa