(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile berria erabili!

Nire NAOrako sarrera

Bilatu aldizkarietan

Laguntza
Bilaketa berezia

91. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 25a

  • II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
    • 2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARITZALA

Ordenantza, Aritzalako Kontzejuaren eskumeneko landabideen erabilera arautzen duena

2008ko martxoaren 3ko bilkuran, landabideen erabilera arautzen duen ordenantza onetsi zen hasiera batez.

Espedientea jendaurrean egon da 30 egunean, aurretik Herriko Etxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (2008ko 48. zk.a, apirilaren 16koa) argitaratu ondoan, eta ez da erreklamaziorik aurkeztu; hartara, Udalak, 2008ko ekainaren 3an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betikoz onestea delako ordenantza. Hona hemen testu osoa:

ORDENANTZA, ARITZALAKO KONTZEJUAREN ESKUMENEKO LANDABIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Aritzalako (Deierri) Kontzejuaren eskumeneko landabide publikoen sarea Aritzalako herritar guztien ondarearen atala da. Garrantzi handi-handia du, Kontzejuaren mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko. Sarea, orobat, nahitaezkoa da nekazaritzako lanak egiteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Landabideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, xede hauek lortzearren:

-Kontzejuko natur ondarearen balioak begiratzea.

-Erabiltzaile mota guztien erabilera orekatua erdiestea.

-Erabiltzeko maneran edukitzea.

Horrenbertzez, Aritzalako Udalak honako ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek Aritzalako Kontzejuaren mugapeko bide publikoak arautzea du xede.

2. artikulua.

Aritzalako Kontzejuaren menpeko bideetan, Trafikoari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearekin bat eginen da zirkulazioa.

3. artikulua.

Debeku da arras:

1.-Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea buelta ematerakoan.

2.-Harriak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bideetara, areketara eta erretenetara.

3.-Areketara lurra bota eta betetzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean.

4.-Nekazaritzako hondakinak bideetan, areketan edo erretenetan erretzea.

5.-Administrazio baimenik gabe, lehiaketak edo lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

6.-Lanabesak edo bertze edozein makineria mota garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

4. artikulua.

Finken titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

5. artikulua.

Zuhaitzak bideetatik hurbil landatzen direnean, bidetik 4 metroko tartea gordeko dute halako moldez non adarrek ez baitute areketatik harata eginen.

6. artikulua.

Aritzalako Kontzejuaren landabideetan ibiltzean, bideen egoerak eta haien ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura apalduko da ibilgailu bereziekin, motel dabiltzan ibilgailuekin, azienda saldoekin edo oinezkoekin topo egitean; are gehiago hautsa pilatzen deneko denboraldi lehorretan; izan ere, abidura bizian joanez gero, bideak hondatu egiten dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.

Dena den, 40 kilometro orduko da gehieneko abiadura.

7. artikulua.

Partikularrek baimena eskatu beharko diote Aritzalako Kontzejuari finketan sartu eta ateratzeko pasabideak egiteko, eta gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere. Aritzalako Kontzejuak fidantza eskatzen ahalko du, egokitzat jotzen duen zenbatekokoa, finketako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

8. artikulua.

Landabideetan ibiltzeko gehieneko pisua 20.000 kilo da.

Zehazturiko muga hori baino tona gehiagoko ibilgailuek bideetan barrena ibili ahal izateko, aldez aurreko baimena eskatu beharko zaio Kontzejuari, tona kopurua eta bidea zenbat egunetan erabili nahi den zehaztuz betiere. 30,00 euroko tasa ordainduko zaio Kontzejuari, bidearen zolari eta gainerako elementuei egiten ahal zaizkien kalteen ordain.

Tasaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartuko da baimendutako pisuaz goragoko tona horiek bideetan eragiten dituzten kalteak, eta kalte horien arabera igoko edo jaitsiko da tasa hori.

9. artikulua.

Finketako itxituretan zortasun eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

11. artikulua.

Ordenantza hau hausten duenak 150,25 euroko zehapena izanen du, deusetan galarazi gabe egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 52. artikuluan ezarritakoarekin bat. Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez eginen da isunen dirubilketa.

Aritzalan, 2008ko ekainaren 19an.-Kontzejuko burua, Fernando Erdozain Senosiain.

Iragarkiaren kodea: L0810062

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa