Castellano | Euskara | Français | English
Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko proiektu sektorialei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, proiektu sektorial horiek onestearekin batera edo lehenago. 2007ko abuztuaren 3an Departamentuan sartu zen "APA sarea, 16 bar, Gares - Izarbeibar eremua" izeneko gasbidea instalatzeko udalez gaindiko proiektu sektoriala, Ingurumen ondorioen azterlanarekin batera.
2007ko abenduaren 7an udalez gaindiko proiektu sektorialaren eranskin bat jaso zen. Bertan argibideak ematen ziren, departamentu honek zenbait galdera egin baitzituen 2007ko azaroaren 13an, proiektu sektorialaren deklarazioaren aurreko txostenean.
Nafarroako Gobernuak 2008ko apirilaren 21ean onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean 2009ko maiatzaren 12an (59 zenbakia) argitaratu zen erabakiaren bidez, ebazpen honen xede den proiektua udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu zen, eta jendaurrean azaldu zen Ingurumen ondorioen azterlanarekin batera, aipatu foru legearen 33. artikulua betez.
Jendaurrean egon den bitartean alegazio bakarra jaso da, Garesko Udalarena. Alegazioan Udalak bere desadostasuna agertzen du, ekipamendu publikoetarako esleituta daukan lurzati bakarrean egin nahi delako instalazioa. Alegazioan ingurumen gairik ez dagoenez, ez da bidezkoa adierazpen honetan hari erantzutea.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adostasun txostena eman du, Ingurumen ondorioen adierazpena egin dadin proiektu sektoriala onesteko. Txostenak dioenez, proiektua gauzatzerakoan ebazpen honetako baldintzak bete beharko dira, dokumentazioan ezarritako zuzenketa neurriez gainera.
Ingurumen ondorioen adierazpen honen 2. eranskinean labur azaltzen dira proiektuari buruzko funtsezko datuak, eta II. eranskinean Ingurumen ondorioen azterlanaren ildo nagusiak jaso dira.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura osoa bete dela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ingurumen arloko eskumenak delegatzeko urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren 1. artikuluko c) letran ezarritakoarekin bat,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea, aldekoa, "APA sarea, 16 bar, Gares - Izarbeibar eremua" izeneko gasbidea instalatzeko udalez gaindiko proiektu sektorialaren gainean. Gas Natural Distribución SDG, S.A.k sustatu du proiektua.
2. Adierazpen hau ondoko determinazioak betetzearen mende egonen da:
-Ahalik eta gutxien ukituko dira heskaiak eta balio handiko landaredi naturala, batez ere landare formazio hauek: Robo ibaiaren bazterrak, Txibindoa erreka (zuzenean ukitzen ez bada ere, zenbait tarte obratik hurbil daude), eta 92/43/EEE Zuzentarauaren I. eranskinean 1520 kodea duen habitata, lehentasunez zaindu beharrekoa (sastrakadi igeltsuzale iberiarrak: Ononis tridentata-ren sastrakadiak, erromeradiak eta ezkaidiak). Eremu horietan guztietan lanerako kalea balizekin mugatuko da. Lanerako kalea ez da 5 metro baino zabalagoa izanen. Makina txikiak erabiliko dira. Soilik botako dira ezinbestean bota beharreko zuhaitz eta heskaiak.
-Ezinbestez zuhaitzen bat moztu behar bada, inguruko mendi zaintzari jakinaraziko zaio aldez aurretik, zuhaitzak mozteko baimenerako txostena eman dezan. Makinen joan-etorrien ondorioz kaltetuak izan daitezkeen landareen adarrak inausiko dira.
-Robo ibaiaren bazterretan, zanga irekitzeko sahatsak moztu behar badira, moztutako adarretatik aldaxkak hartu eta geroko landareztatze lanetan erabiltzeko prestatuko dira. Ubidearen morfologia (luzetarako eta zeharkako profilak) eta ukitutako ibai-ohearen granulometria lehengoratu eginen dira.
-Udalez gaindiko proiektu sektorialari gehitutako eranskinean azaltzen denez, Robo ibaia gurutzatzen duen tartea arrainen ugalketa garaitik kanpo eginen da, martxotik ekainera bitarteko hilabeteetan. Obretan ura bideratzeko zorroak erabiliko dira. Makinak ez dira ibaitik igaroko eta ez dute ura ukituko.
-Hondeatze lanetan ateratako lurra, desegindako bideen hondarrak eta abar, zangak betetzeko erabili ezean, hondakindegi baimendura eraman beharko dira. Toki gehiago behar izanez gero, jabeekin unean uneko akordioak eginen dira eta bereiz tramitatu beharko dira, ingurumen ukipenetarako baimen bana eskatuz. Materialak aldi baterako metatzeko eta makinak edukitzeko guneak trazaren barnean egonen dira, Robo ibaitik eta Txibindoa errekatik urrun.
-Robo ibaiaren ertzetan harri lubetak egiten badira, ahal dela harriak ez dira hormigoiz finkatuko, junturak lurrez bete ondoren landareztatu ahal izateko, aldaxkak sartuz. Proiektuaren eranskinak dioen moduan, ahal dela harri lubetak lurperatu eginen dira alderik horizontalenetan eta agerian utziko dira alderik bertikalenetan.
-Obrek ukitutako eremuak, nekazaritzarako erabili behar ez badira, erregularizatu eginen dira eta ereintza edo ereite hidraulikoa eginen zaie, Ingurumen eraginaren azterlanean jasotako baldintzak betez, ereite hidraulikorako nahastura izan ezik, horren ordez hauxe erabiliko baita:
%30: Festuca rubra.
%15: Lolium perenne.
%10: Poa pratensis.
%5: Agropyron repens.
%15: Lotus corniculatus.
%10: Medicago lupulina.
%10: Sanguisorba minor.
%5: Trifolium repens.
-Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2007ko otsailaren 7ko txostenean emandako determinazio guztiak beteko dira.
-Milagrotik Aezkoarako Errege Altxonbidearen gaineko ukipenei dagokienez, eta Nafarroako abelbideei buruzko 19/1997 Foru Legean ezarritakoarekin bat, obretan abelbidea aldi baterako okupatzeko baimena eman daiteke, aldi baterako okupazioaren kanona ordaintzea onartzen bada. Beraz, obrak hasi aurretik, okupaziorako administrazio baimena eskatu beharko zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalari. Gainera, haiek ematen dituzten aginduak hertsiki beteko dira.
-Era berean, organo eskudun horri berari Donejakue Bidea ukitzeko baimena eskatu beharko zaio.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio Publiko interesdunek Administrazioarekiko auzi errekurtsoa paratzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 28/1998 Legearen 44. artikuluan zehazten diren moduan eta epean Nafarroako Gobernuaren aurrean aurreko errekerimendua egiteko aukera galarazi gabe.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Garesko, Obanosko eta Legardako udalei eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2008ko ekainaren 23an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
I. ERANSKINA
Udalez gaindiko proiektu sektorialaren deskribapena
Gas Natural Distribución, SDG, S.A. enpresak aurreikusi du, Nafarroako Foru Komunitatean, industriarako eta etxeetarako gas naturalaren hornidura handitzea, Ministroen Kontseiluak 2002ko irailaren 13an onetsitako Elektrizitate eta Gas Sektoreetako Plangintzari jarraituz. Plangintza horren bidez energiaren arloko hornidura eta kontsumo beharrei erantzun nahi zaie egun horretatik 2011ra arte.
Proiektuaren xedea da "APA sarea, 16 bar, Gares - Izarbeibar eremua, altzairuzko 6"-ko hodia" izeneko sarea egitea. Guztira 8.898 metroko luzera izanen du: 4.978 metro adar nagusian, 3.142 metro 1. adarrean, 763 metro 2. adarrean eta 15 metro 3. adarrean. Garesko, Obanosko eta Legardako udalerriak ukituko ditu. Gasbidearen ondoan eta zanga berean polietilenozko hodi hirukoitza jarriko da (3 x 40 milimetroko diametroa) telekomunikazio eta teleaginteko kableak babesteko. Instalazio osagarri hauek eginen dira, besteak beste: hargune balbuletarako kutxeta bat, eten balbuletarako hamar kutxeta, eta babes katodikoko estazio bat, argindarraren hargunearekin.
Enagas enpresaren "Faltzes-Irurtzun" gasbideko balbulen kokagunetik abiatuko da sarea, Osabidea izeneko tokian, Garesko hirigunearen hego-ekialdean.
Zenbait amaiera-puntu daude, etorkizuneko "New Ark" paper fabrika eta etorkizuneko "Gares/Obanos eta "Izarbeibarko jarduera ekonomikorako eremua" industrialdeak hornitzeko puntuak, hain zuzen ere. Puntu horietatik abiatuko dira, noizbait, Garesko hiriguneetarako adarrak (Obanos, Legarda, Muruzabal eta Uterga).
Adar nagusia iparraldetik hegoaldera joanen da, Enagasen "Faltzes-Irurtzun" gasbidearekiko paralelo, Garestik Obanoseraino. Azken udalerri horretan, Donejakue bidea, Robo ibaia eta NA-601 eta NA-6061 errepideak zeharkatuko ditu. Ondoren, Legardara iritsi arte, berdeguneetatik eta bideetatik, "Izarbeibarko jarduera ekonomikorako eremu" berrira moldatuko da. Udalerri horretan industrialdera ere moldatuko da, eta bertan erregulazio armairu bat instalatuko da.
1. adar osoa Garesko udalerritik igaroko da. Hori ere Enagasen "Faltzes-Irurtzun" gasbidearekiko paralelo joanen da, 5 metroko distantziara. Milagrotik Aezkoarako Errege Altxonbidea eta NA-601 errepidea gurutzatuko ditu.
2. adarra adar nagusitik abiatuko da, Obanosko hirigunearen ingurutik. NA-601 errepidearen ondotik joanen da. Donejakue Bidea, Txibindoa erreka eta NA-601 eta NA-111 errepideak zeharkatuko ditu, etorkizuneko industrialdera iristeko.
3. adarra adar nagusitik abiatuko da eta Legardako udalerritik igaroko da, etorkizuneko industrialde baten barnetik.
Pistak hamar metro izanen ditu zabal, eta, bertan, lan plataforma eta hondeaketatik ateratako materiala egonen dira. Obren hasieran belar-sastrakak kendu eta 20-30 zentimetro lur geruza kenduko da pistaren zelaigunea egiteko. Pista egin ondoren zanga irekiko da: 0'47 metro zabal eta 1'47 metro sakon.
Instalazioa egiteko 10 aste beharko direla kalkulatu da.
II. ERANSKINA
Ingurumen ondorioen azterlanaren deskribapena
Ingurumen ondorioen azterlanean, ohiko metodologiari jarraituz, aukeren aurretiazko azterketa egiten da, proiektuko ekintzak deskribatzen dira, inguruneko faktoreak aztertzen dira, proiektuko ekintzek faktore horietan izanen duten eragina aztertzen da eta eraginak baloratzen dira, balorazio orokorra lortzeko.
Aukeren azterketan ondoko hauek hartu dira baldintza bereizle gisa: baldintza tekniko eta administratiboak, hala nola jendeguneen hurbiltasuna, horniduraren abiapuntuak eta helmuga, baldintza ekonomikoak, legezkoak eta administratiboak, eta ingurumen baldintzak, esate baterako, lehendik dauden azpiegiturei jarraitzea ahal den guztietan, ibaia lehendik ukitzen duten gurutzaguneak aukeratzea, landaredi naturaleko eta interes arkeologikoko guneak saihestea.
Bi trazadura aztertu dira, eta baldintza guztiak aplikatu ondoren, ukipen txikienekoak oinarrizko 1. trazadura eta oinarrizko 2. trazadura direla uste da.
Obraren ingurumen eraginaren balorazioan, ingurune fisikoaren faktore hauek hartu dira kontuan horien gaineko ukipena aztertzeko: airea, geomorfologia, lurzoruak, hidrologia, landaredia eta fauna eta ingurune sozioekonomikoa. Ingurumen eragin guztiak bateragarritzat edo moderatutzat jotzen dira. Ingurumen ukipenari dagokionez, ekintza nagusia landarediaren suntsipena da; batez ere, Batasunaren lehentasunezko interesekoa den habitat katalogatu baten gaineko ukipena (1520 kodea). Faunaren gaineko ukipena, istripuz halakorik gertatzen bada, larria izan daitekeela uste da. Azkenik, ingurune sozioekonomikoko faktoreen gaineko ukipena, oro har, positiboa da.
Zuzenketa neurrien kapituluan prebentzio neurriak bildu dira, eta ondokoak dira horien oinarriak: aukeren azterketa egokia, lehendik dauden azpiegiturak erabiltzea, landaredia eta fauna ahalik gutxien ukitzen diren tokian gurutzatzea Robo ibaia, eta landaredi naturaleko guneak saihestea.
Eragina arintzeko neurriei dagokienez, horiek proiektuko obrak egiteko baldintzen agirian bilduko dira, eta ingurune fisikoan uki daitezkeen elementuei aplikatuko zaizkie.
Zuzenketa neurriak proposatzen dira, azkenik, lurzorua lehengoratzeko, lurzoru galera edo higadura murrizteko, ukitutako ibaia zanga betez lehengoratzeko, eta ertzak lehengoratzeko, ezpondak lehen bezala utziz. Paisaiaren gaineko beste neurri batzuk ere proposatzen dira.
Lehengoratze neurriak egoki azaltzen dira ingurumena lehengoratzeko berariazko proiektu batean. Proiektu horretan lurra lehengoratzeko jarduketak eta landareztatze jarduketak bereizi dira. Landareztatze lan hauek aurreikusten dira: ereite hidraulikoa, eta inguruko espezieetako zuhaitz eta zuhaixken landaketa.
Ingurumena zaintzeko planean proposatzen da ingurumeneko teknikari batek gainbegiratu ditzala obrak, ingurumen organo eskudunak hala eskatzen badu, Ingurumen ondorioen adierazpena betetzen dela egiaztatzeko. Ingurumena zaintzeko plana betetzeko ekintzetan, eraikuntza lanak monitorizatu eginen dira ondokoak kontrolatzeko: baliabide edafikoak (lurzoruaren kontserbazioaren bidez), baliabide hidrologikoak, baliabide fitologikoak (prebentziorako eta landaredia lehengoratzeko lanen bidez), paisaiaren elementu agerikoenak, ingurune sozioekonomikoa eta zeharkatzen diren azpiegiturak. Gainera, obraren zuzendaritza etengabe aholkatzeko lana eginen da.
Iragarkiaren kodea: F0809982