Castellano | Euskara | Français | English
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren maiatzaren 21eko 154/2007 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako azienda-hazleen elkarteei laguntzak emateko arauak ezarri eta 2007ko deialdia onetsi zen. 2007ko 72. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ekainaren 11n, eman zen argitara.
Aldez aurretik, arau hori Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela adierazi, eta arau proiektua goian aipatu bezala erregistratu zuen, XA102/2007 zenbakiarekin.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarriak ezarri dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.
Foru lege horretan ezarritako baldintzak betetzen direnez eta araubideak 2013ra arteko indarraldia duenez, bidezkoa da, foru agindu honen bitartez, Nafarroako azienda-hazleen elkarteei laguntzak emateko 2008ko ekitaldirako deialdia onestea.
Gainera, aipatutako maiatzaren 21eko 154/2007 Foru Agindua aldatu nahi da: gastuak frogatzeko beste modu bat ezarri eta laguntzak indartu nahi dira, abeltzainen profesionalizazioa bultzatzeko eta abeltzaintzaren produktibitatea eta errentagarritasuna handitzeko.
Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.-Aldatzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak maiatzaren 21ean emandako 154/2007 Foru Agindua, Nafarroako azienda-hazleen elkarteei laguntzak emateko arauak ezartzen dituena.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak maiatzaren 21ean emandako 154/2007 Foru Agindua, Nafarroako azienda-hazleen elkarteei laguntzak emateko arauak ezartzen dituena, aldatzea, honela:
1. 3.2 artikuluari idazketa berria eman zaio eta honela geldituko da:
"a) Espainiako Azienda-arrazen Katalogo Ofizialean (azaroaren 7ko 1682/1997 Errege Dekretuaren bidez onetsia) Europar Batasuneko edo beste herrialde batzuetako arraza gisa sailkatutakoak hazten dituztenen elkarteen kasuan, gehieneko diru-laguntza %80 izanen da 2. artikuluko a) atalerako, eta %65 2. artikuluko b) eta c) ataletarako.
b) Espainiako Azienda-arrazen Katalogo Ofizialean (azaroaren 7ko 1682/1997 Errege Dekretuaren bidez onetsia) Espainiako arraza edo arraza autoktono gisa sailkatutakoak hazten dituztenen elkarteen kasuan, gehieneko diru-laguntza %90 izanen da 2. artikuluko a) atalerako, eta %65 2. artikuluko b) eta c) ataletarako.
c) Nafarroako Abere Arrazen Katalogo Ofizialean (2003ko maiatzaren 26ko Foru Agindu bidez onetsia) autoktonoak edo galtzeko zorian diren arraza gisa sailkatutakoak hazten dituztenen elkarteen kasuan, gehieneko diru-laguntza %100 izanen da 2. artikuluko a) atalerako, eta %70 2. artikuluko b) eta c) ataletarako."
2. 4.1. artikulua aldatu eta honela geldituko da:
"Arrazetako azienda hautatuaren hazleen elkarteen legezko ordezkari behar bezala baimenduek eskatzen ahal dute foru agindu honetan arautzen den diru-laguntza. Arraza horiek Espainiako Azienda-arrazen Katalogo Ofizialean (azaroaren 7ko 1682/1997 Errege Dekretuaren bidez gaurkotua) edo Nafarroako Abere Arrazen Katalogo Ofizialean (2003ko maiatzaren 26ko Foru Aginduaren bidez onetsia) sartuta egon beharko dute, arraza autoktono nahiz Espainiako, Europar Batasuneko eta beste herrialde batzuetako arraza gisa. Elkarteek Nafarroako Foru Komunitatean izan behar dute helbidea eta jarduketa-eremua."
3. 5. artikuluko 1. puntuko e) atalari idazketa berria eman zaio eta honela geldituko da:
"Memoria ekonomiko laburtua. Horretan diruz laguntzen ahal diren jarduerak egiteko behar diren gastuen adibidea sartuko da, alde-aldera, eta bereziko dira 2. artikuluko a) puntuko gastuak eta 2. artikuluko b) eta c) puntukoak, erreferentziako urtean. Gainera, diruz ezin lagundu diren jarduerek eragindako gastuen laburpena ere sartuko da. Halaber, Ingurumenaren eta Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioak edo beste administrazio batzuek eman ditzaketen laguntzen jatorria, baita dauden diru-sarrerena ere, justifikatuko da, eta diruz laguntzen ahal diren jarduerak egiteko erabiltzen diren edo ez azalduko.
Justifikazio kontuarekin batera kontuen auditore baten edo elkarteko kontulariaren txostena emanen da. Horretarako, auditoreak edo kontulariak justifikazio kontua berrikusiko du. Diru-laguntzarako epean faktura bidez justifikatu diren gastuak egiaztatuko ditu, eta lerro bakoitzean diruz laguntzen ahal diren kontzeptuekin bat datozela".
Lehen xedapen gehigarria.-2008. urterako laguntzen deialdia.
Laguntzak emateko 2008ko deialdia onestea. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.
Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuetako kredituak.
2008. urterako 800.000 euroko gastua baimendu da, Nafarroako Gobernuaren 2008ko gastuen aurrekontuko "Elkarteentzako diru-laguntzak, abeltzaintza sustatzeko" izeneko 711001 71310 4819 412200 kontu-sailaren kargura. Diru hori foru agindu honen ondoriozko gastu konpromisoei erantzuteko izanen da.
Hirugarren xedapen gehigarria.-Deialdiaren aurkako errekurtsoak.
Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2008ko ekainaren 23an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
Iragarkiaren kodea: F0810108