(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile berria erabili!

Nire NAOrako sarrera

Bilatu aldizkarietan

Laguntza
Bilaketa berezia

82. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 4a

  • I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • 1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
      • 1.3.6. Beste batzuk

158/2008 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Ikerketa Indartzeko Jerónimo de Ayanz Programa unibertsitate horretan garatzeko egin duten lankidetza hitzarmenaren testua onesten duena.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak txostena aurkeztu du. Bertan azaltzen da zer jarduketa egin diren Nafarroako unibertsitateei laguntzak emateko, lan zientifiko eta teknologiko garrantzitsu eta estrategikoak egiten dituzten irakasle-ikertzaileek beren ikerketa jarduera areagotu ahal izan dezaten; horretarako, norbaitek ordezkatu behar ditu irakaskuntza lanetan. Egin beharreko hurrengo urratsa proposatzen da txostenean, alegia, Nafarroako Unibertsitatearekiko hitzarmen bat onestea, ikerketa indartzeko Jerónimo de Ayanz programa garatze aldera.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eranskinean dagoen lankidetza hitzarmenaren testua onestea. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak egin dute hitzarmen hori, unibertsitate horretan Ikerketa Indartzeko Jerónimo de Ayanz Programa garatze aldera.

2. Nafarroako Unibertsitatearentzat 90.000 euro jartzea guztira, 45.000 euro 2008ko gastuen aurrekontuko "I3 Programa. Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekiko hitzarmena" izeneko 431000 43100 4812 322302 kontusailaren kargura eta 45.000 euro 2009ko ekitaldian dagokion kontusailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Nafarroako Unibertsitateko Ikerketarako Errektoreordetzari, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari, Zientzia Sustatzeko eta Bultzatzeko Atalari eta Hezkuntza Departamentuko Administrazio Orokorreko Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Lankidetza hitzarmen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 15ean.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN ETA NAFARROAKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKO HITZARMENA, NAFARROAKO UNIBERTSITATEETAN IKERKETA INDARTZEKO JERÓNIMO DE AYANZ PROGRAMAREN GARAPENERAKO

Iruñean, 2008ko maiatzaren 20an.

PARTAIDEAK

Alde batetik, Pedro González Felipe jauna, Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia.

Bestetik, Luis Montuenga Badía jauna, Nafarroako Unibertsitateko Ikerketarako errektoreordea.

Bi aldeek, legez ezarri zaizkien eginkizunetan dihardutela, lankidetza hitzarmen hau egiteko behar diren gaitasun juridikoa eta ahalmena aitortu dizkiote elkarri.

Azaldu dute:

Lehenbizikoa.-Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsi- tateak ikerketaren, garapenaren eta berrikuntza teknologikoaren arloan beren arteko lankidetza eta koordinazioa areagotu nahi dituztela, Ikerketa Zientifikorako, Garapenerako eta Berrikuntza Teknologikorako (I+G+B) 2008-2011 aldiko Plan Nazionalean eta Nafarroako 2008-2011 aldiko Plan Teknologikoan zehaztuta dagoen berariazko helburu estrategikoari begira.

Bigarrena.-Goi mailako hezkuntzarako eta ikerketarako Europako guneen ezarpenak ekarri dituen erronka berriei aurre egin beharrak eta jakintzan oinarritutako gizartearen aurrerapenak ahalegin handia eskatzen dutela irakasle-ikertzaileen masa kritikoa eta unibertsitateetan horiek duten ahalmena handitzeko.

Hirugarrena.-Nafarroako Foru Komunitateari dagokiola ikerketa sustatzea. Izan ere, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.7 artikuluan arlo horretako eskumen esklusiboak eman zaizkio, ezertan ukatu gabe Estatuak sustapenerako eta koordinazio orokorrerako dituen ahalmenak.

Laugarrena.-2005eko azaroaren 30ean Protokolo Orokorra sinatu zela Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa eta Nafarroako Gobernua lankidetzan aritu zitezen Ikerketa Jarduera Hasi eta Areagotzeko Programan. Urtero berariazko hitzarmenak sinatu dira programa hori garatzeko, eta 2007ko abenduaren 28an 2007rako hitzarmen berariazkoa sinatu zen.

Bosgarrena.-Nafarroako Gobernuak komenigarritzat jotzen duela Nafarroako unibertsitateetan ikerketa indartzea helburu duen Jerónimo de Ayanz programa sustatzea, Nafarroako unibertsitateekin hitzarmenak eginez.

Horregatik guztiagatik, eta Jerónimo de Ayanz programa nola aplikatu eta finantzatu behar den zehazteko, Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak hitzarmen hau sinatu nahi dute, hurrengo klausulen arabera.

KLAUSULAK

Lehena.-Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen arteko lankidetza esparrua ezartzea, Nafarroako Unibertsitateetan Ikerketa Indartzeko Jerónimo de Ayanz Programa unibertsitate horretan gara dadin. Programa hori hitzarmen honen eranskin bakarrean dago.

Hitzarmen hau diru-laguntza ematekoa da, eta beraz Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatu behar zaio.

Bigarrena.-Programaren garapena.

Jerónimo de Ayanz programaren garapenean eta kudeaketan Unibertsitateak ondoko baldintza hauek beteko ditu:

A) Deialdia: Unibertsitateak lehia-araubidea aplikatuko du laguntza programa honen deialdian eta kudeaketan, eta 2007-2008 ikasturtean ebatziko du deialdia.

B) Onuradunak: Unibertsitateko departamentu edo institutuetako irakasle eta ikertzaile doktoreak izan daitezke laguntzen onuradun, lotura iraunkorra badute.

C) Balorazio irizpideak: hautagaiak baloratzeko, ondoko alderdi hauek hartuko dira kontuan.

C. 1) Proposaturiko jarduera plana. Xede hauetakoren bat izan behar du:

-Ikerketa ildo berriak edo garatzeko bidean dauden arloetako proiektuak hastea.

-Ikertzeko edo jakintza transferitzeko jarduketak edo proiektuak koordinatzea, kalitate zientifiko handikoak eta, lehentasunez, estatuko edo atzerriko beste talde batzuekin lankidetzan jardutekoak.

-Beren esperientzia nahiz beren ikerketa taldearena frogatua duten eta etorkizunerako aukera argiak dituzten ikertzaileen jarduera indartzea.

-Gutxieneko ikertzaile kopuruari eusteko laguntza behar duten ikerketa talde bikainen produktibitatea sutatzea.

-Unibertsitateko ikerketa jarduerarekin zerikusia duten enpresak sortzeko jarduketetan buru izatea.

C. 2) Irakasle-ikertzailearen curriculum vitae-a.

C. 3) Irakasle lanpostua behin betiko eskuratu zen egunetik zenbat denbora igaro den baloratuko da, alderantziz baloratu ere.

C. 4) Jakintza arloen arteko oreka bilatuko da, alegia, zientzia arlo bereko hautagaien eskuetan laguntza asko metatzea saihestuko da.

D) Ebaluazioa: Jerónimo de Ayanz programaren seigarren atalean aipatzen den ebaluazio batzordeak eginen du ebaluazioa, bi etapatan:

-Lehiaketa aldiko eskaeren ebaluazioa.

-Ikerketa areagotzeko jardueraren ebaluazioa, laguntzaren epea amaitutakoan. Egindako jarduketaren ebaluazioa aldekoa izatea baldintzatzat ezarri ahal izanen da programaren hurrengo deialdietan.

E) Unibertsitateak deialdiaren onespena eta laguntzak emateko proposamena jakinarazi behar dizkio Hezkuntza Departamentuari, dagozkien erabakiak aurkeztuz, Departamentuak berrets ditzan, Jerónimo de Ayanz Programaren 6. atalean ezarritakoarekin bat. Proposamenean zehatz azaldu behar dira egin beharreko jarduketen ezaugarriak eta finantzaketa.

Hirugarrena.-Hitzarmeneko jarraipen batzordea.

Jarraipen batzordea sortuko da, hitzarmenean ezarritakoa bete dadin arduratzeko eta interpretazioaren eta aplikazioaren inguruko zalantzak ebazteko. Ondoko hauek osatuko dute:

-Hezkuntza Departamentuaren bi ordezkari: Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria eta Zientzia Sustatzeko eta Bultzatzeko Ataleko burua.

-Nafarroako Unibertsitatearen bi ordezkari: Ikerketarako errektoreordea eta berak izendatutako beste pertsona bat.

Laugarrena.-Hitzarmeneko ekarpen ekonomikoak.

Jerónimo de Ayanz programaren finantzaketarako, Hezkuntza Departamentuak 90.000 euro jarriko ditu, honela banatuta:

Hezkuntza Departamentua 22.500 22.500 45.000

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa 22.500 22.500 45.000

GUZTIRA 45.000 45.000 90.000

2008ko eta 2009ko aurrekontuetako "I3 Programa. Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekiko hitzarmena" izeneko kontusailaren kargura izanen da finantzaketa, Gobernuak 2007ko abenduaren 10ean hartutako Erabakiaren arabera.

Hezkuntza Departamentuak 2008an 22.500 euroko ekarpena eginen du, eta 2008ko abuztuan tramitatuko du ekarpen horren ordainketa, Jerónimo de Ayanz programaren 6. atalean aipatzen den jarraipen batzordeak egindako hautapena berretsi eta gero. Halaber, I3 Programako laguntzen kudeatzailea den aldetik, egun berean Unibertsitateari transferituko dizkio Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren ekarpenak, aurretik Hezkuntza Departamentuaren aurrekontuan sartuko baitira Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin 2007an sinatu zuen hitzarmen berariazkoan ezarritako transferentziak (hitzarmen horren aipamena egin da azalpen zatiko laugarren atalean). 2009ko ordainketa 2009ko abenduaren 31 baino lehen eginen da, egindako gastua egiaztatu eta gero.

Bosgarrena.-Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Hitzarmen honetan Hezkuntza Departamentuak egin behar dituen ekarpenak ikerketa sustatzeko beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin bateragarriak izanen dira. Betiere baldintza hau bete behar da: beste laguntza horiek, banaka nahiz batera, hitzarmen honetako diru-laguntzaren xede den jardueraren kostua ez gainditzea. Unibertsitateak Jerónimo de Ayanz programako xede berak dituzten funtsak jasotzen baditu beste iturri batetik, Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko dio.

Seigarrena.-Justifikazioa eta gerakinak.

a) Unibertsitateak 2009ko abenduaren 31 baino lehen justifikatu beharko ditu jasotzen dituen ekarpenak. Horretarako, Hezkuntza Departamentuari agiri hauek aurkeztu beharko dizkio:

-Egindako jarduerak justifikatzeko memoria ekonomikoa, Unibertsitateko arduradun ekonomikoak emana. Bertan agertuko da diru-laguntza Unibertsitatearen kontabilitatean erregistratu dela, jasotako funtsak beren xedeko jardueretarako erabili direla, eta egindako gastuen jatorrizko egiaztagiriak Unibertsitateko bulegoetan daudela, Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Gobernuko Kontu-hartzailetza Orokorraren eskura.

-Irakasle bakoitzaren ikerketa jarduera areagotzeko egin diren gastuen zerrenda zehatza. Gastu horiek hitzarmen honetako funtsen kargura, Unibertsitatearen funtsen kargura edo beste diru-laguntza eta baliabide batzuen kargura egin diren adierazi behar da zerrenda horretan, eta, halaber, hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioak, zenbatekoa, luzapen eguna eta ordainketa eguna jarri behar dira.

-Funts gerakina badago, horren zenbatekoa adieraziko da eta Foru Komunitateko Administrazioari itzuliko zaio.

b) Ikertzaile onuradunek, laguntzaren aldia amaitzen denetik hilabete igaro baino lehen, jarduketari buruzko memoria orokorra aurkeztuko dute, egindako jardueren eta lortutako emaitzen berri emateko. Jarraipen batzordeak memoria horri aldeko ebaluazioa egitea beharrezko baldintza izanen da laguntzaren luzapena onar dadin, kasua bada.

Zazpigarrena.-Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honek 2008ko apirilaren 1etik irailaren 30era bitartean hasten diren areagotze-jarduketetarako izanen du indarra.

Zortzigarrena.-Aldaketa.

Hitzarmen honen elementuak aldatu ahal izanen dira interes publikoko arrazoiengatik, aldeetako batek hala eskatu eta biak ados jartzen dira.

Bederatzigarrena.-Ez-betetzea.

Hitzarmen honetan hartutako konpromisoak betetzen ez badira, hitzarmena amaituko da. Hala gertatuz gero, hitzarmenean ezarritako xedeetarako erabili gabeko diru kopuruak itzuli egin beharko dira.

Hamargarrena.-Legeria aplikagarria.

Hitzarmen hau administratiboa da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren babesean sinatu baita. Hitzarmen honetan xedaturik ez dagoen orotan, lege horretako printzipioetara eta gainerako xedapen aplikagarrietara joko da zalantzak argitu eta hutsuneak betetzeko.

Hamaikagarrena.-Erantzukizuneko aitorpena.

Nafarroako Unibertsitateak adierazten du Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez dagokiola.

Eta adostasunaren adierazgarri, aldeek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte goian adierazten diren egun-tokietan.-Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.-Nafarroako Unibertsitateko Ikerketarako errektoreordea, Luis Montuenga Badía.

Iragarkiaren kodea: F0807973

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa