Castellano | Euskara | Français | English
Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak txostena aurkeztu du. Bertan azaltzen da zer jarduketa egin diren Nafarroako unibertsitateei laguntzak emateko, lan zientifiko eta teknologiko garrantzitsu eta estrategikoak egiten dituzten irakasle-ikertzaileek beren ikerketa jarduera areagotu ahal izan dezaten; horretarako, norbaitek ordezkatu behar ditu irakaskuntza lanetan. Egin beharreko hurrengo urratsa proposatzen da txostenean, alegia, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekiko hitzarmen bat onestea, ikerketa indartzeko Jerónimo de Ayanz programa garatze aldera.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Eranskinean dagoen lankidetza hitzarmenaren testua onestea. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin dute hitzarmen hori, unibertsitate horretan Ikerketa Indartzeko Jerónimo de Ayanz Programa garatze aldera.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoarentzat 90.000 euro jartzea guztira, 45.000 euro 2008ko gastuen aurrekontuko "I3 Programa. Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekiko hitzarmena" izeneko 431000-43100-4812-322302 kontusailaren kargura eta 45.000 euro 2009ko ekitaldian dagokion kontusailaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketarako Errektoreordetzari, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari, Zientzia Sustatzeko eta Bultzatzeko Atalari eta Hezkuntza Departamentuko Administrazio Orokorreko Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Lankidetza hitzarmen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
Iruñean, 2008ko maiatzaren 15ean.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.
HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN ETA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ARTEKO HITZARMENA, NAFARROAKO UNIBERTSITATEETAN IKERKETA INDARTZEKO JERÓNIMO DE AYANZ PROGRAMAREN GARAPENERAKO
Iruñean, 2008ko maiatzaren 20an.
PARTAIDEAK
Alde batetik, Pedro González Felipe jauna, Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia.
Bestetik, Alfonso Carlosena García jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketarako errektoreordea.
Bi aldeek, legez ezarri zaizkien eginkizunetan dihardutela, lankidetza hitzarmen hau egiteko behar diren gaitasun juridikoa eta ahalmena aitortu dizkiote elkarri.
AZALDU DUTE
Lehenbizikoa.-Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketaren, garapenaren eta berrikuntza teknologikoaren arloan beren arteko lankidetza eta koordinazioa areagotu nahi dituztela, Ikerketa Zientifikorako, Garapenerako eta Berrikuntza Teknologikorako (I+G+B) 2008-2011 aldiko Plan Nazionalean eta Nafarroako 2008-2011 aldiko Plan Teknologikoan zehaztuta dagoen berariazko helburu estrategikoari begira.
Bigarrena.-Goi mailako hezkuntzarako eta ikerketarako Europako guneen ezarpenak ekarri dituen erronka berriei aurre egin beharrak eta jakintzan oinarritutako gizartearen aurrerapenak ahalegin handia eskatzen dutela irakasle-ikertzaileen masa kritikoa eta unibertsitateetan horiek duten ahalmena handitzeko.
Hirugarrena.-Nafarroako Foru Komunitateari dagokiola ikerketa sustatzea. Izan ere, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.7 artikuluan arlo horretako eskumen esklusiboak eman zaizkio, ezertan ukatu gabe Estatuak sustapenerako eta koordinazio orokorrerako dituen ahalmenak.
Laugarrena.-2005eko azaroaren 30ean Protokolo Orokorra sinatu zela Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa eta Nafarroako Gobernua lankidetzan aritu zitezen Ikerketa Jarduera Hasi eta Areagotzeko Programan. Urtero berariazko hitzarmenak sinatu dira programa hori garatzeko, eta 2007ko abenduaren 28an 2007rako hitzarmen berariazkoa sinatu zen.
Bosgarrena.-Nafarroako Gobernuak komenigarritzat jotzen duela Nafarroako unibertsitateetan ikerketa indartzea helburu duen Jerónimo de Ayanz programa sustatzea, Nafarroako unibertsitateekin hitzarmenak eginez.
Horregatik guztiagatik, eta Jerónimo de Ayanz programa nola aplikatu eta finantzatu behar den zehazteko, Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmen hau sinatu nahi dute, hurrengo klausulen arabera.
BALDINTZAK
Lehena.-Hitzarmenaren xedea
Hitzarmen honen xedea da Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetza esparrua ezartzea, Nafarroako Unibertsitateetan Ikerketa Indartzeko Jerónimo de Ayanz Programa unibertsitate horretan gara dadin. Programa hori hitzarmen honen eranskin bakarrean dago.
Hitzarmen hau diru-laguntza ematekoa da, eta beraz Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatu behar zaio.
Bigarrena.-Programaren garapena
Jerónimo de Ayanz programaren garapenean eta kudeaketan Unibertsitateak ondoko baldintza hauek beteko ditu:
A) Deialdia: Unibertsitateak lehia-araubidea aplikatuko du laguntza programa honen deialdian eta kudeaketan, eta 2007-2008 ikasturtean ebatziko du deialdia.
B) Onuradunak: Unibertsitateko departamentu edo institutuetako irakasle eta ikertzaile doktoreak izan daitezke laguntzen onuradun, lotura iraunkorra badute.
C) Balorazio irizpideak: hautagaiak baloratzeko, ondoko alderdi hauek hartuko dira kontuan.
C.1) Proposaturiko jarduera plana. Xede hauetakoren bat izan behar du:
-Ikerketa ildo berriak edo garatzeko bidean dauden arloetako proiektuak hastea.
-Ikertzeko edo jakintza transferitzeko jarduketak edo proiektuak koordinatzea, betiere irismen handikoak edota diziplinartekoak, edota ko beste talde batzuekin lankidetzan jarduteko edo Europaren esparrukoak.
-Beren ikerketa esperientzia nahiz beren ikerketa taldearena frogatua duten eta etorkizunerako aukera argiak dituzten ikertzaile gazteen jarduera indartzea.
-Unibertsitateko ikerketa jarduerarekin zerikusia duten enpresak sortzeko jarduketetan buru izatea.
C.2) Irakasle-ikertzailearen curriculum vitae-a.
C.3) Irakaslea parte den Ikerketa Taldearen ebaluazioa.
C.4) Irakasle lanpostua behin betiko eskuratu zen egunetik zenbat denbora igaro den baloratuko da, alderantziz baloratu ere.
D) Ebaluazioa: Jerónimo de Ayanz programaren seigarren atalean aipatzen den ebaluazio batzordeak eginen du ebaluazioa, bi etapatan:
-Lehiaketa aldiko eskaeren ebaluazioa.
-Ikerketa areagotzeko jardueraren ebaluazioa, laguntzaren epea amaitutakoan. Egindako jarduketaren ebaluazioa aldekoa izatea baldintzatzat ezarri ahal izanen da programaren hurrengo deialdietan.
E) Unibertsitateak deialdiaren onespena eta laguntzak emateko proposamena jakinarazi behar dizkio Hezkuntza Departamentuari, dagozkien erabakiak aurkeztuz, departamentuak berrets ditzan, Jerónimo de Ayanz Programaren 6. atalean ezarritakoarekin bat. Proposamenean zehatz azaldu behar dira egin beharreko jarduketen ezaugarriak eta finantzaketa.
Hirugarrena.-Hitzarmeneko jarraipen batzordea
Jarraipen batzordea sortuko da, hitzarmenean ezarritakoa bete dadin arduratzeko eta interpretazioaren eta aplikazioaren inguruko zalantzak ebazteko. Ondoko hauek osatuko dute:
-Hezkuntza Departamentuaren bi ordezkari: Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria eta Zientzia Sustatzeko eta Bultzatzeko Ataleko burua.
-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bi ordezkari: Ikerketarako errektoreordea eta berak izendatutako beste pertsona bat.
Laugarrena.-Hitzarmeneko ekarpen ekonomikoak
Jerónimo de Ayanz programaren finantzaketarako, Hezkuntza Departamentuak 90.000 euro jarriko ditu, honela banatuta:
Hezkuntza Departamentua 22.500 22.500 45.000
Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa 22.500 22.500 45.000
GUZTIRA 45.000 45.000 90.000
2008ko eta 2009ko aurrekontuetako "I3 Programa. Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekiko hitzarmena" izeneko kontusailaren kargura izanen da finantzaketa, Gobernuak 2007ko abenduaren 10ean hartutako Erabakiaren arabera.
Hezkuntza Departamentuak 2008an 22.500 euroko ekarpena eginen du, eta 2008ko abuztuan tramitatuko du ekarpen horren ordainketa, Jerónimo de Ayanz programaren 6. atalean aipatzen den jarraipen batzordeak egindako hautapena berretsi eta gero. Halaber, I3 Programako laguntzen kudeatzailea den aldetik, egun berean Unibertsitateari transferituko dizkio Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren ekarpenak, aurretik Hezkuntza Departamentuaren aurrekontuan sartuko baitira Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin 2007an sinatu zuen hitzarmen berariazkoan ezarritako transferentziak (hitzarmen horren aipamena egin da azalpen zatiko laugarren atalean). 2009ko ordainketa 2009ko abenduaren 31 baino lehen eginen da, egindako gastua egiaztatu eta gero.
Bosgarrena.-Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Hitzarmen honetan Hezkuntza Departamentuak egin behar dituen ekarpenak ikerketa sustatzeko beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin bateragarriak izanen dira. Betiere baldintza hau bete behar da: beste laguntza horiek, banaka nahiz batera, hitzarmen honetako diru-laguntzaren xede den jardueraren kostua ez gainditzea. Unibertsitateak Jerónimo de Ayanz programako xede berak dituzten funtsak jasotzen baditu beste iturri batetik, Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko dio.
Seigarrena.-Funtsen xede zehatza
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, hitzarmen honen bitartez, honako xede hauetarako erabili ahal izanen ditu funtsak:
-Lotura iraunkorren bidez Unibertsitateko institutu edo departamentuetan diharduten irakasle eta ikertzaile doktoreen ordezkapenei loturiko gastuak ordaintzeko, baldin eta ikerketa indartzeko laguntzen onuradun izatearen ondorioz haien irakaslana gutxitu bada. Horrez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi du unibertsitatearen esparru bereziko edozein modalitatetako kontratuak balia ditzake, betiere abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan arautzen direnetakoak (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua), edo lanpostua erreserbatzeko eskubidea duten langileen ordezkapenetarako Langileen Estatutuan jasotako modalitateetakoak.
-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esparruko ikerketa jarduerei loturiko material suntsikorreko gastu berekia ordaintzeko.
Zazpigarrena.-Justifikazioa eta gerakinak
a) Unibertsitateak 2009ko abenduaren 31 baino lehen justifikatu beharko ditu jasotzen dituen ekarpenak. Horretarako, Hezkuntza Departamentuari agiri hauek aurkeztu beharko dizkio:
-Egindako jarduerak justifikatzeko memoria ekonomikoa, Unibertsitateko arduradun ekonomikoak emana. Bertan agertuko da diru-laguntza Unibertsitatearen kontabilitatean erregistratu dela, jasotako funtsak beren xedeko jardueretarako erabili direla, eta egindako gastuen jatorrizko egiaztagiriak Unibertsitateko bulegoetan daudela, Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Gobernuko Kontu-hartzailetza Orokorraren eskura.
-Irakasle bakoitzaren ikerketa jarduera areagotzeko egin diren gastuen zerrenda zehatza. Gastu horiek hitzarmen honetako funtsen kargura, Unibertsitatearen funtsen kargura edo beste diru-laguntza eta baliabide batzuen kargura egin diren adierazi behar da zerrenda horretan, eta, halaber, hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioak, zenbatekoa, luzapen eguna eta ordainketa eguna jarri behar dira.
-Funts gerakina badago, horren zenbatekoa adieraziko da eta Foru Komunitateko Administrazioari itzuliko zaio.
b) Ikertzaile onuradunek, laguntzaren aldia amaitzen denetik hilabete igaro baino lehen, jarduketari buruzko memoria orokorra aurkeztuko dute, egindako jardueren eta lortutako emaitzen berri emateko. Jarraipen batzordeak memoria horri aldeko ebaluazioa egitea beharrezko baldintza izanen da laguntzaren luzapena onar dadin, kasua bada.
Zortzigarrena.-Hitzarmenaren indarraldia
Hitzarmen honek 2008ko apirilaren 1etik irailaren 30era bitartean hasten diren areagotze-jarduketetarako izanen du indarra.
Bederatzigarrena.-Aldaketa
Hitzarmen honen elementuak aldatu ahal izanen dira interes publikoko arrazoiengatik, aldeetako batek hala eskatu eta biak ados jartzen dira.
Hamargarrena.-Ez-betetzea
Hitzarmen honetan hartutako konpromisoak betetzen ez badira, hitzarmena amaituko da. Hala gertatuz gero, hitzarmenean ezarritako xedeetarako erabili gabeko diru kopuruak itzuli egin beharko dira.
Hamaikagarrena.-Legeria aplikagarria
Hitzarmen hau administratiboa da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren babesean sinatu baita. Hitzarmen honetan xedaturik ez dagoen orotan, lege horretako printzipioetara eta gainerako xedapen aplikagarrietara joko da zalantzak argitu eta hutsuneak betetzeko.
Hamaikagarrena.-Erantzukizuneko aitorpena
Nafarroako Unibertsitate Publikoak adierazten du Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez dagokiola.
Eta adostasunaren adierazgarri, aldeek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte goian adierazten diren egun-tokietan.-Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketarako errektoreordea, Alfonso Carlosena García.
Iragarkiaren kodea: F0808081