Castellano | Euskara | Français | English
Kultur Ekintza Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du. Bertan, aipatu zinemaldiaren oinarriak azaltzen dira.
Nafarroako Gobernuak, 2008ko maiatzaren 19an harturiko erabakiaren bidez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari baimena eman zion 298.250,00 euroko gastu konpromisoa hartzeko, Ikustokia Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren bosgarren edizioa egiteko.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluaren eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 53. artikuluaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Ikustokia Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren bosgarren edizioaren sail ofizialaren oinarriak onestea.
2. Oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
3. Sarietarako 24.000 euroko gastua baimentzea, "Sariak" izeneko A20002 A2500 4809 331100 kontu-sailetik edo 2009rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sortuko den kontu-sail baliokidetik, betiere krediturik badago.
4. Deialdiaren, oinarrien edo aplikazio-egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman edo jakinarazi eta hilabeteko epean.
5. Foru agindu hau jakinaraztea Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Ogasunak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Kultur Ekintza Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta aditzera ematea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, agindua argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2008ko ekainaren 16an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.
Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak Ikustokia Zinema Dokumentalaren Nazioarteko V. Jaialdia antolatu du, oinarri hauei jarraikiz
ATARIKOA
Ikustokia Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia zinema dokumentalaren joera berriak ezagutzeko topalekua da. 2005ean sortu zenetik, Jean Vigoren konpromiso etiko eta zinematografikoa izan du erreferentetzat. Urtero ospatzen da, Iruñean, otsailean, eta Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak antolatzen du.
2009. urtean, zinemaldia otsailaren 13tik 21era bitarte eginen da.
SAIL OFIZIALA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
1.-Lanak onartzea eta haien edukia
1.1. 2007ko abuztuaren 1etik aurrera egindako film dokumentalek hartzen ahal dute parte lehiaketan, edozein delarik ere haien nazionalitatea. Ez dira onartuko ez fikziozko filmak, ez instituzionalak edo publizitatekoak, ezta erreportajeak edo kazetaritzako lanak ere.
1.2. Ez da mugarik gaiei, iraupenari eta jatorrizko hizkuntzari dagokienez.
1.3. Hizkuntzari dagokionez, jatorrizkoa ingelesa, gaztelania edo euskara ez bada, komeni da lanari ingelesezko azpitituluak jartzea.
1.4. Filma ez da onartuko baldin eta, aldez aurretik, Espainiako zinema-areto komertzialetan eman bada edo Espainiako telebista-kateren batek eman badu, edo zinemaldia baino lehen ematekoa bada.
1.5. Zilegi izanen da erakunde publiko nahiz pribatuen bestelako sariak edo diru-laguntzak jasota izanik ere lehiaketan parte hartzea.
1.6. Izena ematea dohainik da.
2.-Eskabideak aurkeztea
2.1. Hautapen prozesurako, dokumentalak DVD formatuan aurkeztu beharko dira.
2.2. Filmak 2008ko irailaren 30a arte inskribatzen ahalko dira. Inskribatutako filmaren DVD kopia, 2008ko urriaren 3a baino lehen igorri beharko da zinemaldiko bulegora, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4. artikuluan ezartzen dituen bideetatik edozein erabilita. Zinemaldiaren antolatzaileek, 2008ko urriaren 3a arte inskribatu diren film guztiak onartuko dituzte, egun hori barne.
2.3. Zinemaldira aurkezten diren filmen gaineko eskubideen jabe diren ekoizle edo zuzendariek beraiek inskribatu beharko dituzte filmak, zinemaldiaren webgune honen bitartez: www.puntodevista.navarra.es. Horretaz gainera, filmaren kopia bat helbide honetara igorri beharko da:
Ikustokia Zinema Dokumentalaren Jaialdia
Kultur Ekintza Zerbitzua.
Navarrería kalea, 39. 31001 Iruña (Nafarroa). Espainia.
2.4. Lana aurkezteko modua edozein izanda ere, lan guztiak behar bezala babestu eta markatuta igorri edo entregatuko dira.
2.5. Filmen kopiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Inskripzioaren berrespenaren kopia, zinemaldiaren webgunean agindutako prozedura osoa egin ondoren, filmari emandako erreferentzia zenbakia adieraziz.
-Zuzendariaren curriculuma.
-Filmaren ekoizle edo banatzailearen zinpeko aitorpena, zeinean adierazten baita filma ez dela eman Espainiako zinema-areto komertzialetan eta ez dela emanen 2008ko otsailaren 15a bitartean, baldin eta filma zinemaldirako hautatzen bada.
2.6. Lehiakideak bere gain hartuko ditu lana lehiaketara igortzeko gastu guztiak. Lehiaketak ez du erantzukizunik hartuko lanek joan-etorrian kalterik izanez gero.
2.7. Zinemaldiaren antolatzaileek filma jaso izanaren ziurtagiria igorriko diete lehiakideei.
3.-Hautaketa
3.1. Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendariak batzorde bat izendatuko du aurkeztutako lanen artean hautaketa egiteko. Zinemaldiaren Zuzendaritzako kideek eta ikus-entzunezkoen arloko aditu batzuek osatuko dute batzorde hori.
3.2. Batzordeak lanak hautatuko ditu, zinemaldiaren oinarri diren eta aitzinsolasean aipatu diren kalitate eta sormen irizpideei jarraikiz.
3.3. Hautaketa batzordeak proposatzen ahalko du hautatu gabeko lan batzuekin obra berriez osaturiko sail informatibo bat osa dadin. Halaber, autonomia izanen du bestelako proposamenak egiteko, lehiaketako lanak erakusteari dagokionez.
3.4. Hautapenaren emaitzak 2008ko abenduaren 20a baino lehen jakinaraziko zaizkie parte-hartzaileei, interesdunak jakinarazpena jaso izana frogatzen duen edozein bideren bitartez. Egun hori pasatzen bada interesdunen batek hautapenaren emaitzen berri izan gabe, lana ez dela hautatu ulertuko da.
3.5. Lana hautatzen baldin bada, lehiakideak igorri beharko du formatu hauetako batean: betacam SP, betacam digitala edo 35 mm.
Gainera, lehiakideak filmaren bi irudi eta horren laburpena igorri beharko ditu, gero katalogoan ager daitezen. Halaber, zinemaldian zehar hedabideei banatuko zaien informazio materiala eman beharko du, eta antolatzaileei baimena, ikus-entzunezko hedabideek bere dokumentalaren hiru minutuko zatia erabil dezaten.
3.6. Sail ofizialeko filmak jatorrizko bertsioan erakutsiko dira, gaztelaniazko azpitituluekin. Hautaturiko lehiakideek ingeles, gaztelania edo euskarazko azpitituluen zerrenda igorri beharko dute, filmaren azpititulu elektronikoak egiteko.
3.7. Hautatutako lanak erakusteko kopiek Iruñera ailegatu behar dute 2009ko otsailaren 1a baino lehen. Oinarri hauetako 2.3 puntuan aipatzen den helbidera bidaliko dira. Lehiakideak bere gain hartuko ditu lana zinemaldira igortzeko gastuak. Lehiaketak ez du erantzukizunik hartuko lanek joan-etorrian kalterik izanez gero.
3.8. Zinemaldiak obra hautatuen bi emanaladi eginen ditu, eta ez du eskubiderik ordaindu beharko horiengatik.
3.9. Erreferentzia katalogoan sartu ondoren, ezinezkoa izanen da parte bakar batek filma lehiaketatik kentzea.
3.10. Zinemaldiak ostatu-gastuak (3 gau, gehienez) ordainduko dizkie zinemaldian parte hartzera Iruñera etortzen diren filmen ordezkariei, gehienez hiru gau, eta bidaietarako laguntzak emanen dizkie, baremo honen arabera:
-700 km arte: 90 euro gehienez ere.
-700 km-tik 1.200 km-ra: 150 euro gehienez ere.
-1.200 km-tik gora: 450 euro gehienez ere.
4.-Epaimahaia
4.1. Nafarroako Kultura zuzendari nagusiak nazioarteko epaimahai bat izendatuko du. Epaimahaia arlo horretako aditu eta profesionalek osatuko dute. Zinemaldiaren Zuzendaritzak izendatuko du epaimahaiko idazkaria, boto emateko eskubiderik gabe eztabaidetan parte hartuko duena.
4.2. Nazioarteko epaimahaiak bere erregelamendua onetsiko du zinemaldiaren antolatzaileekin batera. Epaia Nafarroako Ikustokia Zinema Dokumentalaren Jaialdia egiten den bitartean jakinaraziko dute, Iruñean izanen baita, 2009ko otsailean.
4.3. Epaimahaiaren erabakiak apelaezinak izanen dira.
5.-Sariak
5.1. Mota desberdineko sariak emanen dira lehiaketan:
Sari ofizialak:
-"Ikustokia" sari nagusia, filmik hoberenarentzat: 10.000 euro.
-Jean Vigo saria, zuzendaririk hoberenarentzat: 5.500 euro.
-Saria, film laburrik hoberenarentzat: 3.500 euro.
Sari bereziak:
-Ikusleen sari berezia, filmik hoberenarentzat: 2.500 euro.
-Aipamen bereziak: epaimahaiak bi aipamen berezi egiten ahalko ditu eta bakoitzari 1.250 euroko saria emanen dio.
"Ikustokia" sari nagusia film labur bati ematen bazaio, filmik laburrenarentzako saria ez da emanen, eta haren diru kopurua gordeko da, epaimahaiak aipamen berezietakoa gehitu edo beste aipamen batzuk eman ditzan.
5.2. Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko du edozein sari.
5.3. Hautapen batzordeak zehaztuko du Ikusleen sari bereziari buruzko erregelamendua.
5.4. Sariak zenbateko garbiak dira eta ez zaie atxikipen fiskalik aplikatuko. Banku transferentzia bidez ordainduko dira, gehienez ere bi hilabeteko epean, zinemaldiko sariak banatzeko ekitaldi ofizialaren egunetik hasita. Ordainketa egiteko, betiere, dagokion kontu-sailean hartarako behar adina diru izan beharko da.
5.5. Sariak erdi bana emanen zaizkie, %50 film irabazlea ekoitzi duen sozietateari edo hura ustiatzeko eskubideak dituen pertsona titularrari, eta gainerako %50 filmaren zuzendariari, salbu zuzendari hoberenarentzako Jean Vigo sariaren kasuan, hori osorik emanen baitzaio film irabazlearen zuzendariari.
6.-Egile eskubideak
6.1. Zinemaldiaren antolatzaileek ustekizuna dute ezen lehiaketan parte hartzen duten ekoizle edo zinemagileak aurkezten dituzten filmak erakusteko eskubideen jabe direla. Dena dela, zinemaldiaren antolatzaileek ez dute beren gain hartzen oinarri hau urratzeagatik etor litekeen inolako erantzukizunik.
7.-Saritutakoen konpromisoa eta lanen zabalkundea
7.1. Zinemaldiaren antolatzaileek konpromisoa hartzen dute aurkeztutako lanak osorik ez daitezen kopia edo zabal, lanak haien ardurapean dauden bitartean. Aukeratutako lanen zatiak hedabideetan erabiltzen ahalko dira, zinemaldiaren berri emateko.
7.2. Saritutako filmen egileek konpromisoa hartzen dute haien kopia bat Betacam SP edo Digitalean eta DVD formatuan uzteko zinemaldiaren bideotekan. Film horiek Nafarroako Gobernuak antolaturiko beste zinemaldi eta irabazi-asmorik gabeko kultur ekintza batzuetara bidaltzen ahalko dira, betiere jasotako sarien aipamena eginez.
8.-Lanak itzultzea
8.1. Hautatu gabeko obrak ez zaizkie itzuliko lehiakideei.
8.2. Hautatu ondoren saritu ez diren lanen kopiak lehiakideei itzuliko zaizkie, 2009ko apirilaren 30a baino lehen. Igortzeko gastuak zinemaldiaren kontura izanen dira.
8.3. Saritutako 35 mm-ko formatuko lanak lehiakideei itzuliko zaizkie aurreko puntuan ezarri bezala, zinemaldian Betacam SP edo Digitalean edo DVD formatuan beste kopia bat jaso ondoren.
8.4. Lanak lehiaketara aurkeztuz gero, oinarri hauek oso-osorik onartuko dira. Oinarriak interpretatu eta betearaztea Jaialdiaren Zuzendaritzari dagokio.
9.-Errekurtsoak
9.1. Deialdiaren, oinarrien edo aplikazio-egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman edo jakinarazi eta hilabeteko epean.
Argibideak
Ikustokia Zinema Dokumentalaren Jaialdia
Nafarroako Gobernua. Kultur Ekintza Zerbitzua
Navarrería kalea, 39. 31001 Iruña (Nafarroa). Espainia.
www.puntodevista.navarra.es
Helbide elektronikoa: puntodevista@navarra.es
Telefonoak: 848 424684, 848 424686.
Iragarkiaren kodea: F0809661