(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile berria erabili!

Nire NAOrako sarrera

Bilatu aldizkarietan

Laguntza
Bilaketa berezia

53. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 28a

  • I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • 1.1. XEDAPEN OROKORRAK
      • 1.1.3. Foru Aginduak

80/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 23koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketaren Erregelamendua hein batean garatzen duena, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak legearen aldetik garatu du administrazio prozedurako eta, hala denean, prozedura ekonomiko-administratiboko arauen arloko eskumen esklusiboa, hain zuzen ere Nafarroak berezko dituen zuzenbide substantiboko espezialitateen edo antolamenduaren ondoriozkoak diren arauen arlokoa.

Foru Lege horren 44.1 artikuluak xedatzen du administrazio espedienteak tramitatzean baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili behar direla lagungarri gisa, betiere bermeak errespetatuz eta legeriak kasu bakoitzerako aurreikusten dituen baldintzak betez.

Tributuak aplikatzeko prozedurak eta arlo horretako zehapen ahalmena, bai eta tributu egintzen administrazio bideko berrikuspena ere, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/200 Foru Lege Orokorrak arautuko ditu.

Arau hori tributuen aplikazioaren oinarri eta euskarria da Nafarroan, eta urrats garrantzitsua da administrazioaren eta tributudunen jarduketak modernizatzeko, teknologia berriek ematen dituzten aukerak aprobetxatu ahal izateko. Hala, teknologia horiek nola erabili eta bultzatu arautzen du hainbat alorretan (jakinarazpenak, ordezkaritza, agirien azterketa, aitorpen edo autolikidazioen aurkezpena).

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeak teknologia berri horien erabilera arautzen du eta erabilera horren ondorioz herritarrei begira beharrezkoak diren berme juridikoak finkatzen ditu.

Horrekin bat, eta Nafarroako Ogasunaren esparruan baliabide elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarritakoa garatuz, Nafarroako Zerga Ogasunaren arloan tributuen aplikaziorako teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak ugaritu eta hobetzen ahalegintzen da, helburu bikoitz batekin: alde batetik, tributudunei erraztasunak ematea tributu betebeharrak betetzeko (bai materialak bai formalak) eta, bestetik, tributuen aplikazioan eraginkortasun administratibo handiagoa lortzea, tributudunen eskubide eta bermeak zorrotz errespetatuta.

Nafarroako Zerga Ogasunak azken urteotan ahalegin handia egin du zerga aitorpenak aurkezteko bide telematikoak gehiago erabil daitezen, horretarako baliabide tekniko eta giza baliabide asko jarriz. Tributudunek beren tributu betebeharrak borondatez bete ditzaten (eta bereziki ordainketa egin) oraindik ere erraztasun gehiago ematearren, foru agindu honen bidez bankuko helbideratzea zabaldu nahi da, Nafarroako Zerga Ogasunaren dirubilketan laguntzen duten gordailu entitateetan; hain zuzen ere, bide elektroniko eta telematikoen bidez aurkezten diren aitorpen-likidazio edo autolikidazioetatik ateratzen diren zorrei dagozkien helbideratzeak izanen dira.

Foru agindu honen eranskinean aipatzen diren zerga ereduekin batera erabiltzen ahalko da bankuko helbideratzea, baina S-90 eta 220 ereduetan, aldiz, zergaldia urte naturalarekin bat heldu den kasuetan soilik erabiltzen ahalko da.

Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean eguneratuta egonen da, kontsulta dadin, bankuko helbideratzea onartzen duten zerga ereduen zerrenda.

Helbideratzea egiteko epeari dagokionez, kasuan kasuko ereduko ordainketa egiteko borondatezko epearen azken hiru egun baliodunak baino lehen soilik egiten ahalko da, hau da, helbideratze aginduak ezin dira Nafarroako Zerga Ogasunean aurkeztu ordainketa egiteko borondatezko epearen azken hiru egun baliodunetan.

Ekonomia eta Ogasun Kontseilariaren eskumena Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketaren Erregelamenduaren 25. artikulutik heldu da, artikulu horrek ezartzen baitu tributu zorrak diruz pagatu behar direnean ordainketa hori, erabilera legaleko diruz edo txekez gainera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimentzen duen beste edozein bide erabiliz egiten ahalko dela.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenei dagozkien ordainketen helbideratzeetan lortu den esperientziak erakusten du komenigarria dela helbideratzeen aplikazio esparrua zabaltzea, zergak ordaintzeko erraztasunak ematen dituelako.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

1. Aitorpen-likidazioak edo autolikidazioak bide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aurkezten dituzten tributudunek zilegi izanen dute aitorpen-likidazio edo autolikidazio horietatik ateratzen diren tributu zorrak ordaintzeko bankuko helbideratzea erabiltzea, Nafarroako Zerga Ogasunaren dirubilketan laguntzen duten gordailu entitateez baliaturik.

2. Foru agindu honen eranskinean aipatzen diren zerga ereduekin batera erabiltzen ahalko da bankuko helbideratzea. S-90 eta 220 ereduetan, aldiz, zergaldia urte naturalarekin bat heldu den kasuetan soilik erabiltzen ahalko da.

Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean eguneratuta egonen da, kontsulta dadin, bankuko helbideratzea onartzen duten zerga ereduen zerrenda.

3. Ordainketa egiteko borondatezko epearen azken hiru egun baliodunak baino lehen soilik egiten ahalko da helbideratzea, hau da, ez dute baliorik izanen ordainketa egiteko borondatezko epearen azken hiru egun baliodunetan Nafarroako Zerga Ogasunari jakinarazten zaizkion helbideratze aginduek.

4. Zerga ereduak dagozkien arauetan ezartzen diren epeetatik kanpo aurkezten badira, ezin izanen da bankuko helbideratzea erabili.

5. Foru agindu hau gerokotze edo zatikatzeak bankuan helbideratzeko eskaerei buruzko arauei ere aplikatuko zaie (Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketaren Erregelamenduko 59. artikulua), artikulu horretan araututa ez dagoen orotan.

6. Indarra izaten segituko dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako eta Ondarearen gaineko Zergako aitorpenak aurkezteko arauak ematen dituen foru aginduan bankuko helbideratzea egiteko ezarri diren arauek. Hori alde batera utzi gabe, foru agindu horretan araututa ez dagoena foru agindu honetan xedatutakoak arautuko du.

2. artikulua. Helbideratzearen baldintzak.

1. Bankuko helbideratzeak baldintza hauek izanen ditu:

a) Ordainketa egin behar duenak helbideratze kontuaren titularra izan behar du.

b) Kontu horrek Nafarroako Zerga Ogasunaren dirubilketan laguntzen duen entitate batekoa izan behar du.

c) Ordainketa egin behar duenak helbideratze aginduaren berri eman beharko die, kasuan bakoitzean ezartzen den moduan, Nafarroako Zerga Ogasuneko organoei.

2. Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren ekainaren 2ko 169/2005 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, aitorpenak hirugarren pertsonak ordezkatuz eta bide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aurkezteko eta, hala denean, tributu zorren ordainketarako tramitazio telematikoa egiteko baimena duten pertsona edo entitateek bide horien bidez igortzen ahalko dituzte helbideratze aginduak, ordezkatzen dituzten hirugarren pertsona horiek aurretik eman dizkietenak.

3. artikulua. Helbideratzea egiteko modua.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak bankuko helbideratze aginduen berri emanen die kasuan kasuko entitate laguntzaileei eta, horiek, hurrengo artikuluetan ezarritakoarekin bat, zenbateko helbideratua ordainketa egin behar duenaren kontuan kargatuko dute eta dirubilketako kontu murriztuetan sartuko.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak helbideratzeei buruzko informazioa Editran-en bitartez igorriko die entitate laguntzaileei, aldi horretan egin behar diren helbideratze guztiak jasoko dituen fitxategi bat edo batzuk erabiliz horretarako.

4. artikulua. Ordainketaren data.

1. Helbideratzeak kontuan kargatzen direneko datan egintzat joko dira ordainketak; data hori bat etorriko da borondatezko aldian ordaintzeko azken egunarekin, eta, ordainketa zein gordailu entitatetan helbideratuta dagoen, entitate horrek luzatzen duen ordainagiria izanen da horren frogagiria.

2. Kontuan kargatzen ez denean edo ordainketa egin behar duenari egozten ahal ez zaion arrazoi batengatik epez kanpo egiten bada, ez zaio horri errekargurik, berandutza interesik edo zehapenik galdatuko, baina ez dira alde batera utziko atzerapenaren erantzulea den entitate laguntzaileari galdatzen ahal zaizkion eta likidatu beharko dituen berandutza interesak.

5. artikulua. Ordainagiriaren ezaugarriak.

1. Entitate laguntzaileek ordainketa egin behar dutenei eman beharreko ordainagiriak, zenbatekoa kontuan kargatu eta gero, honako datu hauek izan beharko ditu gutxienez:

-Zenbatekoa kontuan kargatzen deneko data.

-Zenbatekoa.

-Ordaindutako zorraren datuak: zerga kontzeptua, eredua, ekitaldia eta zergaldia.

-Ordainketa gutunaren zenbatekoa.

-Entitatearen eta sukurtsalaren kodeak.

-Entitate laguntzailearen sozietatearen izena.

-Kargua zein kontutan egin den, haren Bezeroaren Kontu Kodea (BKK).

-Ordainketa egin behar duenaren datuak: IFZ. Izen-deiturak edo sozietatearen izena.

-Idazkuna: "Zordunketa honek kitatze ondorioak ditu Nafarroako Zerga Ogasunari dagokionez, Nafarroako Komunitateko Dirubilketaren Erregelamenduan aurreikusi den moduan."

2. Ordainketa egin behar duenarentzako kitatze ondorioa ordaindutako zorraren zenbatekoaren, dataren eta datuen araberakoa izanen da. Datu horiek guztiak entitate laguntzailearen ordainagirian agertuko dira. Edonola ere, zorraren zenbatekoa kargatzen den kontuan entitate laguntzaileak eragiketa kontabilitatearen aldetik baloratzen dueneko datak ez du ondoriorik izanen Nafarroako Zerga Ogasunaren aurrean.

6. artikulua. Entitate laguntzaileen jarduketak.

1. Helbideratzeei dagozkien zenbatekoak entitate laguntzaileek irekitako dirubilketako kontu murriztuetan sartuko dira. Kontu horiek izen hau izanen dute: "Nafarroako Foru Komunitatea. Dirubilketan laguntzeko kontu murriztua. Zergak helbideratuta kobratzea.".

2. Kontu murriztu horietan Nafarroako Zerga Ogasunak entitate laguntzaileari igorritako helbideratzeetako ordainketak jasoko dira, zenbatekoa bezeroaren kontuan kargatzeko eragiketa atzera bota ez bada. Ordainagiria itzuli behar bada, itzultzeko epea Nafarroako Zerga Ogasunak helbideratzeen sorta igortzen duen egunean hasiko da eta Nafarroako Foru Komunitateko kontu korronte orokorrean ordainketa egiten den egunean bukatuko.

3. Foru agindu honen 3.2 artikuluak aipatzen duen fitxategia entregatzeko datan kontu korronte orokorrean ordainketa egiteke dagoeneko hamabostaldiari dagozkionak izanen dira helbideratze horien dirusarrerak.

4. Kontu murriztuko ordainketa borondatezko ordainketa aldiaren azken egunean eginen da eta, edonola ere, kontu korronte orokorrean hamabostaldi horri dagokion ordainketaren data baino lehen. Data horretan kontu murriztuan egiten ez diren ordainketak itzulitako ordainagiritzat joko dira.

5. Kontu murriztu hauek beren saldo garbiarekin kargatuko dira Nafarroako Foru Komunitatearen kontu korronte orokorrean abonua eginez, Nafarroako Zerga Ogasunaren dirubilketan aritzen diren entitate laguntzaileek funtsak sartu eta dokumentuak aurkeztu edo telematikaz igortzeko epeak eta datak finkatzen dituen foru aginduan abonurako ezarritako datetan. Data hori bat etorriko da gainerako kontu murriztuak Nafarroako Foru Komunitatearen kontu korronte orokorrera pasatzen diren datarekin.

6. Entitate laguntzaileek Nafarroako Zerga Ogasunari informazioa igorri behar diotenean, kobrantza normalizatuei dagokien informazioa igortzeko baldintza eta epe berberetan eginen da, Nafarroako Zerga Ogasunak helbideratzea egiteko igorri duen fitxategiko informazioa bilduta. Hala ere, fitxategiaren igorpenari 4 zenbakia esleituko zaio.

7. artikulua. Helbideratze zerbitzua ematean izaten ahal diren gorabeherak.

1. Kontu murriztuetan abonu akatsak izanez gero, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatearen kontu korronte orokorrean dirusarrera egin baino lehen atzematen bada akats hori, entitate laguntzaileak baliorik gabe utziko idazpena, kontu murriztuan zenbateko bereko zordunketa eginez.

2. Entitate laguntzaileak ematen dituen ordainagirietan zenbatekoek akatsak badituzte, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatearen kontu korronte orokorrean dirusarrera egin baino lehen atzematen bada akats hori, baliorik gabe utziko da akatsa duen ordainagiria eta ordainagiri zuzena luzatuko, ordainketa egin behar duenari eman beharrekoa, eta bi eragiketa horiek kontu murriztuan azalduko dira.

Azken xedapena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta aurkezteko eta dirusarrera egiteko epea 2008ko irailaren 30etik aurrerakoa izanen duten aitorpen-likidazio edo autolikidazioei dagozkien helbideratzeetarako izanen ditu ondorioak.

Hori guztia galarazi gabe, Sozietateen gaineko Zergaren S-90 eta 220 ereduetarako ere izanen ditu ondorioak, baldin eta horren zergaldia 2007ko urte naturalarekin bat etorri bada.

Iruñean, 2008ko apirilaren 23an.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

ERANSKINA

Foru agindu honen arabera ordainketak bankuan helbideratzea onartzen duten zerga ereduak

-FR-2 eredua "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren konturako zatikapena" (bigarren modalitatea).

-717 eredua "Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eurotan ordaintzeko gutuna, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren konturako zatikapenei dagokiena" (lehenengo modalitatea).

-715 eredua "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Laneko etekinei, enpresa eta lanbide batzuen jarduerei, sariei eta errenta egozketa batzuei buruzko atxikipenak eta konturako dirusarrerak" (hiruhilekoa).

-716 eredua "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta Sozietateen gaineko Zerga. Higigarrien kapitalaren atxikipenak" (hiruhilekoa).

-745 eredua "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Laneko etekinei, enpresa eta lanbide batzuen jarduerei, sariei eta errenta egozketa batzuei buruzko atxikipenak eta konturako dirusarrerak" (hilekoa).

-746 eredua "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta Sozietateen gaineko Zerga. Higigarrien kapitalaren atxikipenak. Banku kontuetako interesak" (hilekoa).

-747 eredua "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta Sozietateen gaineko Zerga. Higigarrien kapitalaren atxikipenak. Banku kontuetako interesak eta etekin inplizituak izan ezik" (hilekoa).

-748 eredua "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta Sozietateen gaineko Zerga. Higigarrien kapitalaren atxikipenak. Etekin inplizituak" (hilekoa).

-759 eredua "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta Sozietateen gaineko Zerga. Hiri higiezinen errentamenduetako atxikipenak" (hiruhilekoa).

-760 eredua "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta Sozietateen gaineko Zerga. Hiri higiezinen errentamenduei dagozkien atxikipenak" (hilekoa).

-780 eredua "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, Sozietateen gaineko Zerga eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga. Atxikipenak eta konturako dirusarrerak. Ondare gehikuntzak" (hilekoa).

-781 eredua "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, Sozietateen gaineko Zerga eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga. Atxikipenak eta konturako dirusarrerak. Ondare gehikuntzak" (hiruhilekoa).

-785 eredua "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, Sozietateen gaineko Zerga eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga. Atxikipenak eta konturako dirusarrerak. Kapitalizazio eragiketen eta bizitza edo elbarritasuneko aseguru kontratuen bidez lortutako kapital higigarriko errenta edo etekinak" (hilekoa).

-S-91 eredua "Sozietateen gaineko Zerga. Ordainketa zatikatua".

-S-90 eredua "Sozietateen gaineko Zerga eta finkagune iraunkorra duten Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga" (urtekoa). Urte naturalarekin bat datozen zergaldiei buruzkoa.

-220 eredua "Sozietateen gaineko Zerga. Talde fiskalen tributazio araubidea" (urtekoa). Urte naturalarekin bat datozen zergaldiei buruzkoa.

-610 eredua "Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga. Egintza Juridiko Dokumentatuak. Kreditu erakundeek negoziatutako ordainagiri eta zor-agirien gaineko zerga eskudirutan ordaintzea".

-640 eredua "Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga. Egintza Juridiko Dokumentatuak. Efektu tinbredunak".

-F66 eredua "Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Hileko aitorpena eta likidazioa".

-F69 eredua "Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Hiruhileko aitorpena eta likidazioa. Araubide Orokorra eta Erraztua".

-309 eredua "Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Aitorpen eta likidazioa ez-aldizkakoa".

-353 eredua "Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Entitateen multzoa. Eredu erantsia. Hileko aitorpena eta likidazioa".

-560 eredua "Elektrizitatearen gaineko Zerga. Aitorpena eta likidazioa".

-561 eredua "Garagardoaren gaineko Zerga. Aitorpena eta likidazioa".

-562 eredua "Tarteko produktuen gaineko Zerga. Aitorpena eta likidazioa".

-563 eredua "Alkoholaren eta Edari Eratorrien gaineko Zerga. Aitorpena eta likidazioa".

-564 eredua "Hidrokarburoen gaineko Zerga. Aitorpena eta likidazioa".

-566 eredua "Tabakogaien gaineko Zerga. Aitorpena eta likidazioa".

-569 eredua "Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmenten gaineko Zerga. Aitorpena eta likidazioa".

-430 eredua "Aseguru Primen gaineko Zerga. Hileko aitorpena eta likidazioa".

Iragarkiaren kodea: F0805834

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa